PAUE
120 pertsona inguruk sostengua adierazi zioten joan den larunbatean Pauen Robert Arricauri, eta haren askatasunaren aldeko aldarriak egin zituzten Biarnoko hiriburuko karriketan.
ArricauOkzitaniako hainbat erakundetako kide da Anaram au Patac alderdia, Carnaval Pantalonada talde kulturala edo l’Ostau Bearnes kultur etxekoa eta 2004ko azaroan Biarnoko Salisen atxilotu zutenetik espetxean dago. Haren aldeko sostengu komiteek salatu dutenez, 500 egun baino gehiago igaro ditu espetxe frantsesetan, epaitua izan gabe.
Egun Montaubango espetxean da Arricau Marie-Antoinette Houyvet epaile bereziaren aginduz. Leporatzen dioten delitu bakarra honako hau da: Biarnoko Salisen etxe bat sei urtez Mikel Albisu eta Marixol Iparragirreri alokatu izana. Operazio berean, Arricauren anaia eta koinata ere atxilotu zituzten, baina hilabete batzuen bueltan askatu egin zituzten epaiketa egin artean.
Arricauren sostengu komiteko (Liberta ta Robert, Askatasuna Robertentzat okzitanieraz) kideek gogora ekarri zutenaren arabera, atxilotu zutenean 13 egun desagertuta pasatu zituen. «Azkenean Tourseko espetxean topatu zuen familiak, baina horretarako 100 telefono dei baino gehiago egin behar izan zituzten non zegoen jakiteko», azaldu zuten.
Atxilotuta egon zenean, Poliziak presio psikologiko handiak egin zizkiolakoan daude sostengu komitekoak. Gogoratu beharra dago, atxilotua zegoenean ustez egin zituen adierazpenetan oinarriturik Askatasunako eledun Jean-François Lefort ere atxilotu egin zutela.
Horrez gain, Arricau espetxean izateko arrazoirik ez dagoela nabarmendu zuen Liberta ta Robertek. «Ez diote ez armarik, ez dokumenturik, ez lehergailurik atzeman, baina Estatu frantseseko Justiziak urtebete eta bost hilabete pasatzea ez dela nahiko esan du», salatu zuten. Epaileak sei aldiz ukatu du Arricau askatzea. Horietako batean arrazoi bitxia erabili zuen: Arricau arriskuan egongo zela espetxetik ateratzen bazuten.
Bestalde, Zaldibian 25 lagun bildu ziren euskal presoen alde. Otxarkoagan, berriz, 23 pertsona elkartu ziren, Altzan, 17 eta Astigarragan, 16.