Maiatzaren Lehena eta garai berriak
Maiatzaren Lehena izanik milaka eta milaka langile karriketara atera ziren atzo, mundu zabalean beren eguna ospatzeko asmoz. Langileriaren borroka omentzeko balio du atzoko ospakizunak. Iraganak langileen bizi-baldintzak hobetzeko izandako hamaika borroka gordetzen dituela gogorazten du. Izan ere, Maiatzaren Lehenak etengabe berritzen den errealitateari erreparatu behar dio, egungo eraso, erronka, gabezia eta aukerak kontuan izan gabe nekez erantzun diezaiokeelako aurrean dugun garai berriari. Alde batetik, lan munduan aldaketa sakonak martxan direla ezin ukatu. Arloz arlo zirrikituak badira ere, lan merkatua antolatzeko era berriak langilearen balioa indartzera ez datoz. Alderantziz, lan harremanek inoiz baino balore gutxiago dute. Azken urteotan hitzarmenak baztertzeko eta tokian tokiko lan hitzarmenak sinatzeko joera areagotuz joan da. Ondorioz, langile askok euren eskubideak aldarrikatzeko berebiziko garrantzia duen tresna galdu dute, edo galtzeko arriskuan dira. Hitzarmenaren balioa gutxitzearekin batera, lan egiten dutenen artean desberdintasunak areagotzearekin jokatzen duen azpikontratazioak tokia irabazi du arlo publiko zein pribatuan. Banaketa horrek lan istripu kopurua lotsagabeki loditzeaz gain, zailtasun gehiago sortzen ditu lan harreman bidezkoak eta iraunkorrak sortzeko orduan.
Lan erreformak etengabe bultzatuz, langilearen eskubideak murrizten dituzte oro har ekonomiaren aginduetara ari diren munduko buruzagiek. Horretan gure herriari ezarritako mugak ez du indarrik. Erabakitzeko eskubidea berreskuratzen ez den bitartean, Madril eta Parisen asmatutako lan erreformen itzalpean bizi gara euskal herritarrak. Menpekotasun horren aurkako mezuak entzun ziren Maiatzaren Lehenean. Batik bat sindikatu abertzaleek Euskal Herria aske eraikitzeko asmoak kaleratu zituzten. Bestalde, Parisek bultzaturiko Lehen Lan Kontratuaren aurkako borroka adibidetzat hartuz, euskal sindikatuek erasoak geldiarazteko egunero-egunero borroka egitea ezinbestekotzat jo zuten. Lan-baldintza eskasak, prekarietatea, gazteek eta emakumeek bereziki pairatzen duten langabezia maila onartezina, lan istripuak. Horiek eta bestelako erasoak salatzera etorri ziren atzoko martxak. Hala ere, egoera politiko berriak konpromiso berriak eskatzen dituela ezin ahantzi. Eta sindikalgintzatik prozesu demokratikoa indartzeko balio dezakeen balizko ekarpena iragarri zen atzo. -
|