GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal |  Dokumentuak
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-05-02
Vincent BARTHE | Baiona eta Kostaldeko Orkestrako zuzendaria
«Geroan, espero dut orkestrari zor zaion lekua emateko medioak egongo direla»
Hogeita hamar urte betetzen ditu aurten Baiona eta Lapurdi Kostaldeko eskualdeko Orkestrak. Urteurren horretarako, joan den larunbatean, Fêtes Musicales jaialdiaren karietan, Beethovenen IX. sinfonia eskaini zuten, eta ekainean, berriz, sorkuntza berezia azalduko dute. «Pluton» izeneko konposizioaren munduko lehen agerpena izanen da, hain zuzen.

Vincent Barthe Baiona eta Lapurdi Kostaldeko Orkestrak ezagutu duen bosgarren zuzendaria da. Parisen bizi da, eta Estatu frantseseko orkestra askoren zuzendaria izan da eta jarraitzen du izaten gaur egun ere. Baiona eta Paris artean bidaiak eten gabe egiten ditu, eta aurten, orkestraren 30. urteurrenaren karietara, zuzendaritza postua utziko zuela jakinarazi zion GARAri. Hiru urte orkestra baten lana sendotzeko epe laburra zela onartu bazuen ere, lekuko botere publikoek eskaintzen dituzten medioak eskasak zirela azaldu zuen. Eta, ondorioz, hiru urteko lan kontratua burutu bezain laster, zuzendaritza gelditzea erabaki du. Ondoko irailean, Fêtes Musicales jaialdiaren karietan orkestrak eskainiko duen kontzertua izanen du azkenekoa.

­2003an hartu zenuen Baiona Euskal Kostaldeko Orkestraren zuzendaritza. Zure xedeen artean, programan eskaintza zabaltzearekin Baionakoa goi mailako orkestren artean kokatzea zen. Hiru urte igaro dira geroztik, zer balantze egiten duzu?

Gaizki kokatua nago horrelako balantzea egiteko. Artistikoki, emanak izan zaizkidan medioekin, hasierako helburu horiek aurrera eramaten saiatu naiz: musikariekin elkarlanean programa ahal bezain zabala eta erakargarria eskaintzea. Gauza batzuk aurreratuak izan dira. Gainera, orkestraren baitan komunikazioaz arduratzen diren bi pertsona lanerako hartuak izan dira. Bi profesionali eta Orkestraren lagunen elkarteari esker orkestraren presentzia eskualde honetan sendotzea lortu dugu. Orkestraren lehen helburuen artean eskualdean lan egitea dago. Beraz, alde horretatik, orkestra ezagutarazi dugu.

­Hiru urte ez dira asko lan bat sendotu ahal izateko...

Bai, baina, geroan, eskualdean eta zergatik ez nazioartean egitura profesional gisako estatutua izateko orkestrari zor zaizkion medioak eskuratuko dituela espero dut. Zuzendaritza hartu nuelarik, orkestra osatzen duten musikari kopuruari egokituak diren konpositore handiak azalduko genituela esan nuen. Hori egina izan da, eta gainera obra garaikide zenbait ere landu ditugu. 30. urteurrena kari, hain zuzen ere, “Pluton” deituriko obra garaikidea sortuko dugu. Orkestraren une garrantzitsua izanen da hori, bai egitaraua osotasunean harturik, baina baita musika garaikidearentzat berarentzat ere, nazioartean lehen aldikoz izanen baita aurkeztua obra. Horiekin batera, Viena, komedia musikalak, familia kontzertuak, hots, urtean eskaini ditugun obra guztiek arrakasta izan dute. Bistan da beti hobekiago egiten ahal dugula, baina lekuko agintari politikoek gure esku utzi dituzten medioen arabera egin dugu. Zentzu horretan zaila zitzaigun hobekiago egitea.

­30 urte anitz da orkestra batentzat...

Adin ederra da. Ibilbide luzea izan duen orkestra da, une hobe eta txarragoekin denetan bezala, baina eskualde honetan bidea egin du. Normala da, beraz, horrelako ibilbidea izan duen orkestra bat omentzea, 30. urteurrena handizki ospatzeko. Nire ustez, ospakizun hori Biarrizko Fêtes Musicales jaialdian egina izatea garrantzitsua da. Aspaldi orkestrak ez zuen jaialdi horretan parte hartu. Oso harro gaude horregatik. Gainera, azken bi urteotan, berriz ere, Musique en Côte Basque jaialdian barneratu gara. Irailean kontzertua eginen dugu bertan. Maila handiko ekitaldiak dira eta normala iruditzen zitzaigun orkestra gisa horietan izatea.

­Maila oso goian jarri duzu 30. urteurren horretarako. Beethovenen IX. sinfonia eskaini baituzue...

Bai, hala esaten ahal da. Beethovenen IX. sinfonia artistentzat beti izaten da pozgarria lantzea. 30. urteurrena une garrantzitsua zela iruditzen zitzaidan. Obra hori Europako sinboloa da, baina ospea eta jendearen arteko elkarlanaren sinboloa era bada. Beraz, Lapurdi kostaldean obra hori eskaintzeko une ezin hobea zela uste izan dut.

­Estatu frantsesean beste orkestretan egiten duzu lan. Zein da Baionako Orkestraren lekua zure irudiko panorama artistiko horretan ?

Ez du merezi duen lekua eta ospea izatea. Arazoa ez da maila artistikoarena, baina eskaini nahi zaizkion medioei lotua dago.

­Zer erran nahi duzu horrekin?

Zabaldu ahal izateko, eta merezi duen egitaraua eskaini ahal izateko, ezinbestekoa da medioak ematea.

­Berrikitan Biarrizko Musika Bestak aurkeztu dira. Antolatzaileek ikuslegoaren aldetik musika klasikoko kontzertuetan beherakada handia dagoela aipatzen zuten. Ados zaude horrekin. Izan daiteke arrazoi horregatik musika klasikoa ez lagundua izatea...

Ikusle eskasiaŠ egia erran guri dagokigunez ez dugu horretan kezkatzekorik. Gero eta ikusle gehiago etortzen zaizkigu. Aldiz, publikoa ez doa gutxi ezagutzen duen orkestra bat ikustera. Bereziki bere presentzia eskualdean ez du ikusten. Eta, egoera hori aldatzeko ezinbestekoa da orkestra bat laguntzea. Ipar Euskal Herrian kultur artistikoarekin batera beste aktibitate asko dago. Eta azken horiek hautetsientzat askoz garrantzitsuagoak izaten dira. Eskualde bat kontuan hartzen delarik garrantzitsua da kultura artistikoak bere lekua izatea, bakoitzak merezi duen gisara espresatu ahal izateko.

­Botere publikoengandik anbizio politiko eskasa dagoela antzematen duzu...

Bai. Motibazio arazoa dago. Baina, beharbada, ongi aztertu beharra dago zeri ematen zaion lehentasuna.

­Alta, Baionako kontserbatorioarekin hurbileko lan bat egiten duzue. Bertan, 1.700 ikasle daude. Asko da. Eta, horrek indar berezia ematen dio ziurrenik orkestrari. Geroan orkestra eta kontserbatorioaren arteko loturak azkartzeko asmoa dago. Horrez gain, publiko gaztea erakartzeko proiektu zehatzak daude. Badirudi orkestra dinamika sakon batean sartua dagoela...

Proiektuak badaude, baina, nik orkestra uztea erabaki dut. Irailean nire azken hilabetea dut. Orkestra eta kontserbatorioa hurbiltzeko asmoa dago, eta, egia erran, pertsonalki, ez nintzen guztiz ados horrekin. Besteak beste, arrazoi horrengatik joango naiz. Edonor ordezka daiteke; beraz, nire ondoren etorriko den zuzendariari zorte ona opa diot.

­Zergatik ez zaude proiektu horrekin ados?

Kontserbatorioarekin loturak oso estuak dira gaur egun ere. Orkestra kontserbatorioan guztiz murgiltzen bada, orkestraren nortasunarentzat frustantea izan daiteke, eta bere garapenerako muga. Ikusiko dugu ea geroan zer gertatzen den.

­Hiru urtetan ez duzu lortu zure gogoak plantan jartzerik...

Hiru urte epe laburra da. Zure lanaren ondorioak ikusi ahal izateko epe luzeko lan bat egin behar da. Oso oroitzapen onak atxikitzen ditut. Baina, zuzendari garelarik beti gehiago nahi dugu orkestra eta publikoarentzat. Nire hiru urteko agintea irailean geldituko da. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Maiatzaren Lehena eta garai berriak
Euskal Herria
Participación femenina, impulso para los procesos de paz
Mundua
Los inmigrantes alzan su voz en EEUU
Mundua
Evo Morales decreta «el fin del saqueo extranjero de nuestros recursos naturales»
Kirolak
Olaizola II no tiene piedad de Eugi y se medirá en semifinales a Gonzalez
Ekonomia
El Primero de Mayo apela a luchar día a día contra la precariedad
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea