Puerto Ricoko Administrazioa, sosik gabe
·Ikastetxeak itxi dituzte eta funtzionarioek ez dute bi hilabetetan soldata jasoko
Gobernua aurrekontu barik gelditu da eta bere menpe dauden zerbitzu publikoak itxi behar izan ditu. Milaka funtzionariok ez dute hilabete bitan soldatarik jasoko; 1.500 bat ikastetxe eta unibertsitate itxita daude eta udaletako ekimen asko eta asko bertan behera utzi dituzte.
SAN JUAN
Puerto Ricoko zerbitzu publiko gehienak geldirik daude atzotik. Administrazioan lan egiten duten 100.000 inguru langilek ez dute datozen bi hilabeteotan, gutxienez, soldatarik jasoko; ikastetxe publikoak itxi dituzte eta osasun eta segurtasun arloetan gutxieneko zerbitzuak baino ez daude. Gobernuaren menpean dauden ehundik gora agentzietatik 43k ateak itxi dituzte.Administrazio publikoak porrot egin du. Ez dauka zerbitzu publikoak finantzatzeko dirurik. Puerto Ricoko Gobernuak urte osorako aurrekontua apirilean agortu zuen. Anibal Acevedo gobernadoreak 531 milioi dolarreko mailegu baten eske Ordezkarien Ganberara jo zuen, baina esku hutsik irten zen. Oposizioko Alderdi Progresista Berria (PNP) da nagusi Beheko Ganberan, eta horren arabera, Gobernuaren zorra itzela da dagoeneko. Beraz, ez dago diru gehiago emateko prest. Horrez gain, kontsumoaren gainean ezarri nahi den zerga batek sortu du botere exekutiboaren eta legegilearen arteko ika-mika. %4 edota 7koa izango den ez dute adostea lortu. Sindikatuek eta Alderdi Independentistak, ostera, zerga hori banketxeei eta enpresa handiei ezartzea proposatu dute.
1.500dik gora ikastetxe itxita Egoera horrek ondorio latzak edukiko ditu AEBen menpeko herri horretan. 1.500dik gora ikastetxe publikoren itxierak milioi erdi bat ikasle eskola barik eta 40.000 irakasle soldata barik utzi ditu. Milaka funtzionario diruz larri ibiltzeak ere ekonomian kaltea egingo du, kontsumoa nabarmen jaitsiko delako.
Udalek ere igarriko dute krisialdia. Gobernua beren ekimenak finantzatzeko diru iturri nagusia da, eta, orain, iturria itxita dago.
|