GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal |  Dokumentuak
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Gaurkoa 2006-05-02
Gotzon Garate - Deustuko Unibertsitateko katedraduna
Euskal Filologiak 30 urte

Gaur ospatuko da Deustuko Unibertsitatean Euskal Filologia sortzearen 30. urtea.

Istilu gorriak igaro behar izan ziren karrera hori sortzeko. Irakasle bat aspalditik ari zen esaten, ez zela bidezkoa Deustuko Unibertsitatean Ingeles Filologia egotea, Espainol Filologia, Frantses Filologia, Aleman Filologia eta Euskal Filologiarik ez. Geure etxean geu re hizkuntza baztertzea lotsagarria zela.

Unibertsitateko zuzendaritzaren aldetik, ordea, hitz goxoak eta luzapenak ematen ziren. Besterik ez. Azkenean irakasle hori aspertu egin zen eta apirila al- dian Euskal Herriko kazetetara ohar bat igorri zuen: «Datorren ikastaroan Euskal Filologia hasiko da Deustuko Unibertsitatean».

Huraxe izan zen hangoa! Erretoreak deitu egin zuen irakasle hori eta aurpegira egotzi zion: «¡Eres un chantajista!». Eta unibertsitateko zuzendaritzan eskutitz asko jaso zituzten asmo horren kontra. Euskal Filologia sortzea separatismo hutsa zela, ETAri laguntzeko ekintza zela eta horrelakoak.

Zorionez, ordea, urte horretan hasi zen Euskal Filologia Euskal Herrian, Bilbon eta Donostian. Eta handik bi urtera Gasteizen ere bai.

Karreran irakasleak behar. Alde batetik hilda dauden Alfonso Irigoienek eta Patxi Altunak eta bestetik Anton Artamendik zintzo lagundu zioten karrera sortu berriari.

Zein izan dira Euskal Filologiaren fruituak? Handiak, horixe bai.

Euskal Filologia sortu arte, euskara nolabait ere baztertua zegoen, zor zitzaion mailatik eraitsia. Euskaraz jakinez gero, edozeinek hitz egiten zuen, jakintsu bat balitz bezala. Askotan esaten ziren gauzak egiatik oso urrun zeuden. Jakintsu ustekoek etimologiak eta, beren gustura asmatzen zituzten.

Euskal Filologiak euskara jakintzaren mailara jaso du. Izena eta prestigioa eman dizkio. Lau urtez gazteek sakonki ikasten dute euskara bera eta euskal literatura.

Karrera amaitu eta edozein tokitan euskal eremuan lan egiteko gauza dira.

Begiratu bat egiten badugu gain-gainetik, Euskal Herriko erakunde nagusietan euskal filologia ikasitakoak aurkituko ditugu.

Unibertsitateetan hortxe ditugu erretore ohia Pello Salaburu eta Rosa Miren Pagola erretore ordezkoa.

Udako unibertsitateko buru Martin Orbe.

Ikastoletan, ikastetxeetan eta institutuetan, Behatokian, euskaltegietan, akademietan, IRALEn, Ikus- karitzan, eta abar eta abarretan gaitz izango da euskal filologia ikasi duen irakasle bat ez aurkitzea.

Euskaltzaindian Andres Urrutia bera Deustun jardundakoa da. Beste euskaltzain franko ere ezagunak dira, Euskal Filologiako irakasle direlako edo izan direlako. Euskaltzaindiko batzorde askotan, berriz, lan bikaina egiten dute euskal filologoek.

Administrazioan ere gauza bertsua. Jaurlaritzan Hezkuntza, Kultura eta beste adarretan euskararen alde lan txalogarria egiten ari diren bat baino gehiago ezagutzen dugu.

Aldundi eta udaletxeetan ugari dira euskal filologoak eta euskarari dioten maitasunez beren alorretan euskara bultzatzen gizonki saiatzen dira.

Euskal Telebistan Amatiño izan zen buru garai batean eta Bingen Zupiria orain ari da zinez euskara suspertzen.

Irratietan anitz dira karrera hau ikasi dutenak. Bai eta argitaletxeetan ere. Eta jakina, egunkarietan eta aldizkarietan. Egunero irakurtzen ditugu horien artikuluak.

Itzulpengintzan mordoa ari dira. Enpresetan ere gero eta eskaera gehiago dago filologoren bat hartzeko.

Eta idazleetan? Asko eta asko. Zerrenda luzea eta pozgarria bete beharko genuke denak aipatzeko. Hiru bakarrik aipatuko ditut, neuk ikasle izandakoak. Aurrena Joseba Sarrionandia idazle gorena eta artista sakona, Unai Elorriaga merituz sari nazionala jaso duena eta Jon Arretxe, bere liburuekin horren arrakasta handia lortutakoa.

Hiztegigileetan L. Baraiazarra, Manu Etxebarria, E. Barrutia eta Labayrukoak edireten ditugu.

Bertsolarietan? Baita ere. Bertsolarietan ere baditugu euskal filologiakoak. Une honetan burutara hauetxek datozkit: Egaña, Ibarra, Estiballes, Bartra, Jauregizar, Intxaurraga.

Kantarien artean ere badira Euskal Filologia ikasitakoak. Murugarren, Zuluaga, Rueda.

Hauxe harrigarriago: Kirolarietan hortxe gailendu dira J.R. Madariaga, X. Etxebarria (...) Badirudi horiei ere euskal filologiak zerbaitetan lagundu diela.

Ez nuke bukatuko alor guztiak aipatu beharko banitu.

Ez dago dudarik. Euskal Filologiak Euskal Herriari euskaldun izaten lagundu dio. Euskal Filologia ikasi dutenak ehunka eta ehunka dira. Garai batean kurtso bakoitzean ehun ikasle baino gehiago izaten genituen.

Eta euskal filologoek bi alderdi on batzen dituzte. Euskara kontuetan oso ongi jantziak daudela. Eta euskaltzaleak direla. Euskaraz jakiteaz gainera, euskara maite dute.

Jakinduria eta maitasuna elkartuak daramatzate Euskal Herri osoan, euskararen onerako. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Maiatzaren Lehena eta garai berriak
Euskal Herria
Participación femenina, impulso para los procesos de paz
Mundua
Los inmigrantes alzan su voz en EEUU
Mundua
Evo Morales decreta «el fin del saqueo extranjero de nuestros recursos naturales»
Kirolak
Olaizola II no tiene piedad de Eugi y se medirá en semifinales a Gonzalez
Ekonomia
El Primero de Mayo apela a luchar día a día contra la precariedad
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea