Leporaino bete zen estibaliz
Estibalizko Andre Maria behar bezala omendu zuten atzo arabarrek. Eguraldiak ez zuen huts egin, eta, ondorioz, milaka lagun joan zirenGasteiztik hurbil dagoen santutegiraino. Mota askotako ekimenez gozatzeko aukera izan zuten bertaratu zirenek; hala nola, pintura, patata sukaldaritza edota aurresku nahiz dantza solteko lehiaketez, gorrentzako mezaz edota herri kirolen erakustaldiaz.
Milaka arabar bildu ziren atzo Estibalizko Andre Mariaren santutegian, oraindik omendu barik geratzen zen zaindaria gogora ekartzeko asmoz. Gehienak autoz iritsi baziren ere, ilara luzeak gainditu ondoren, oinez edota bizikletaz joandakoak ere izan ziren bertan. Eguraldi bikainak asko lagundu zuen horretan. Goiz hasi ziren ekimenak Arabako lautadaren erdian dagoen XIII. mendeko eraikin erromaniko horretan. 09.00etarako, kanpoko pintura azkarraren lehiaketan parte hartu zutenak prest zeuden ahalik eta lan txukunena egiteko. Orduak eman zituzten margolariek santutegia irudikatzen. Ez ziren, ordea, bakarrik egon. Izan ere, haien ondora bertaratzen zirenekin hitz egiten igaro zuten denbora.
Txapelketak
Arabako patataren sukaldaritza txapelketa ospatzen ari ziren lekuan ere jo eta ke aritu ziren lanean. Batzuk, ondoren, jende artean banatu behar ziren hamarka patata-tortilla prestatzen aritu ziren, eta beste batzuk, berriz, lehiaketarako plater ederrak prestatzen. Ohiko errezetei ukitu berezia ematen zieten gehienek. Modu horretan, saltsa berdearekin lagunduriko patata goxoak egin zituzten Amairu Bat elkartekoek. Goi-mailako sukaldaritzarekin saiatu zenik ere izan zen. Ametzakoek, adibidez, patata, perretxiko eta aurretik erretako piper gorriez osatutako dorre dotore bat prestatu zuten. Platerei azkeneko ukituak ematen ari zitzaizkien bitartean, aurresku eta dantza solteko txapelketari eman zioten hasiera santutegi ondoan. Bisitarien gustuko ekimena izan zen hori, dantzariek jaso zituzten txalo beroak aintzat hartuz gero. Ondoren, herri kirolen erakustaldiaren txanda iritsi zen. Orduak aurrera joan ahala, jendea gosetzen joan zen apur-ka-apurka. Aniztasunik ez zen falta bertan. Bokatak edota taloak zelaietan eserita dastatzearen alde jarri ziren gehienak. Hori bai, edariak ondoan izanda, eguzki printzek gogor jotzen baitzuten buruan. Arratsalde partean, pilota partidak zein musika emanaldia nagusitu ziren. Laburbilduz, giro bikaina izan zen atzo Estibalizko santutegian. San Prudentzio noiz bueltatuko zain geratu dira orain arabarrak. Gaurtik aurrera, gero eta gutxiago falta da. -
|