Pio Barojaren gainean mintzatzeko hitzaldiak antolatu dituzte Iruñean
IRUÑEA
Datorren astelehenean “Pio Baroja, 50 urte” hitzaldi zikloa hasiko da Iruñean, bertako Udaletxeak eta Nafar Ateneoak antolatuta.
Zikloa euskaraz izango da, eta maiatzaren 11 bitarte iraungo du. Egunero 20.00etatik aurrera Descalzos kaleko 72. zenbakian dagoen Kultura Saileko Hitzaldi Aretoan Pio Barojaren lanaren inguruan mintzatuko dira hainbat aditu; besteak beste, Josemiel Bidador, Jon Alonso Fourcade, Mikel Taberna, Patxi Apalategi eta Felipe Juaristi bertaratuko dira Iruñeara datorren astean.
Pio Barojaren garaia
Lehen hitzaldiak “Pio Barojaren garaia historian eta literaturan” izena du, eta Bixente Serrano Izko historialari, idazle eta irakasleak, Jesus Maria Lasagabaster irakasleak eta Josemiel Bidador filologo eta Nafarroako euskal literaturaren historiaren ikertzaileak emango dute.
Azken horrek, Bidadorrek, alegia, Pio Barojaren aita SerafinBaroja izango du izpide gainera. Asteartean, maiatzak 9, “Pio Baroja, idazleen begiratua” hitzaldia izango da nagusi, eta Jon Alonso Fourcade idazlea, Inazio Mugika Iraola idazle eta editorea eta Mikel Taberna Irazoki idazle eta itzultzailea izango dira hizlariak.
Hurrengo egunean, aldiz, Beratarra gai hartuta, literatur testu labur berrien errezitaldia egingo dute.
Azken egunean, osteguna 11n, “Pio Barojaren ingurua. Bere lanaren itzulpenak” izango da hitzaldiaren izenburua. Hor Felipe Juaristi Galdos kazetari, idazle eta olerkariak, Iñaki Aldekoa Euskal Filologian lizentziatu eta EHUko irakasleak eta Patxi Apalategi Soziologian eta Filosofian lizentziatu eta itzultzaileak hitz egingo dute.
|