GASTEIZ
Euskal Herriko beste hainbat eragilek bezala, Askapenak ere Atenasko hitzorduan parte hartze aktiboa izango du heldu diren egunetan, Europako Foro Sozialean egingo diren ekimenetan ekarpenak eginez eta horietako batzuk antolatuz.
Israel Arkonada eta Walter Wendelin izango dira Askapenaren ordezkariak Greziako hiriburuan, eta atzo Wendelinek eta Mikel Kortak beren lanaren zehaztapenak eman zituzten. Ildo horretan, gogora ekarri zuten herrien arteko elkartasunaren bidetik antolakunde inter- nazionalista euskaldunak ur- teak daramatzala Europan eta munduan egin diren gizarte foroetan parte hartzen, eta globalizazioaren kontrako borrokaren izendatzearen edo sorbu- ruaren gaineko eztabaidetan sartu nahi gabe, nabarmendu zuten beren xedea dela «inperialismoaren kontrako borrokan» aurrera egitea.
Atenasko zita, aurrekoak bezala, «hizlari edo pentsalari profesionalak entzuteko lekua» ez dela izango adierazi zuten, eta, alderantziz, azaldu zuten bertan izango direla borroka zehatzetan parte hartzen duten eragileen ordezkariak.
Berek eramango duten mezuari dagokionez, nabarmendu zuten Euskal Herria, «herri ukatua» den heinean, ezinbestekoa duela bere aitortza eta etorkizuna erabakitzeko eskubidea onartzea, eta gogora ekarri zuten munduan oso onartua dela «autodeterminazio eskubidea eraldaketa sozialerako beharrezko tresna» dela.
Europan, ordea, ezkerreko zenbait eragilek «zalantzan» jartzen omen dute baieztapen hori, eta Atenasen Askapenak defendatuko du «bestelako Europa bat eraikitzeko» ezinbestekoa dela eskubide hori onartzea. Hala, mintegiak antolatu ditu datozen egunetarako.
Horrekin batera, Euskal Herriko beste 25 eragilerekin batera, «Bestelako Europa bat sortzen» manifestua hitzartu da, Itun Konstituzionalaren gaineko debateari ekarpena egin nahi diona. Atxikimenduak helbide honetan jasotzen dira: bestelakoeuropaeuskalerria.org