Presoen aldeko Futbito Txapelketa egingo dute hirugarrengoz Hendaian
HENDAIA
Azken bi urteetan ekimenak izan duen arrakastak bultzatuta, Bixkiak Hendaiako Askatasuneko taldeak, aurten ere, euskal preso politikoen eskubideen aldeko Futbito Txapelketa antolatu du. Maiatzaren 6an, larunbatean, egingo da Ondarraitz zelaietan, goizeko 9.00etatik goiti.Txapelketa antolatzearen zioak azaltzeko, Bixkiak taldeko ordezkariez gain, ekimena sostengatzen duten AEK, Baleak, Antxeta irratiko langileak, Hendaia bertsotan, Kanttu ostatua eta LAB sindikatukoek agerraldia egin zuten, atzo, Lapurdiko herrian. Euskal presoen «egoera larria salatzeko», eta, bereziki, Hendaiako familiek eta lagunek astero beren senideak «minutu batzuk ikusteko ehunka kilometro egitera behartzeak berekin dakarren arriskua» gogorarazteko baliatu nahi dute txapelketa. Halaber, Juan Jose Rego eta Popo Arranbide bertako presoen osasun arazoak aipatu zituzten: «Tratamendu egokirik ezean, eritasun sendaezin bilaka daitezke». LAB-Hendaiako ordezkariak hartu zuen hitza elkarte eta taldeen izenean, eta Ibaetako Foroak 2005eko azaroan bai Estatu frantsesari zein espainolari egindako eskakizunak berretsi zituen.
Oinarrizko eskubideak
Hala, presoek trataera duina eta begirunezkoa izateko duten eskubidea, osasun, komunikazio, hizkuntza, hezkuntza, aitatasun-amatasun, askatasun eskubideak eta euskal preso politikoen kolektiboak Euskal Herrian elkarrekin bizitzekoa aldarrikatu zituen. Bixkiak antolatutako ekimenean zein hileko azken ostiraletako elgarretaratzeetan eta ekainaren 24an Baionan egingo den nazio manifestazioan ere parte hartzera deitu zuen.Txapelketan parte hartzeko izen-ematea lehenbailehen egiteko eskatu zuten, 0603457969 telefonora deituta edo bixkiakhendaia.com helbidearen bitartez. Iaz zazpi edo zortzi laguneko 40 taldek hartu zuten parte txapelketan eta aurten gehiago izango direlakoan daude, dagoeneko kopuru horrek eman baitu izena. Bazkaria eta arratsean kontzertua izango dira.
|