GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal |  Dokumentuak
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Euskal Herria 2006-05-03
«Aintzirarat» lemapean ospatuko da Herri Urrats maiatzaren 14an Senperen
Musika, antzerkia, zirkua, maskarada, dantza, haur jokoak, bertsolariak eta arte erakusketa eskainiko ditu, besteak beste, aurtengo Herri Urratsek. Hitzordua datorren maiatzaren 14an izango da Senpereko lakuan. Aurtengoan, «Aintzirarat» hitza aukeratu dute lelo gisa, eta, horren bitartez, jendeari festan parte hartzeko gonbita egin nahi diote. Lortzen duten dirua Ziburuko kolegioko eraikuntza lanak bukatu eta beste bi ikastetxe eraikitzeko erabiliko da.

DONOSTIA

Maiatzarekin batera Herri Urrats jaiaren txanda iritsi da. Hilaren 14an ospatuko da Senpereko aintziran, ohikoa denez. Ahalik etajende gehien bertaratzea espero dute antolatzaileek, baina, atzo nabarmendu zutenez, kopurua «ez da garrantzitsuena», baizik eta giro on eta euskaldunean egotea. Hartara, festan parte hartzeko deia egin zuten agerraldian.

Gonbit hori islatu nahi izan dute aurtengo leloarekin; «Aintzirarat». «Gure asmoa jendea etor dadin animatzea da, horregatik hautatu dugu», azaldu zuen Estelle Goñik, Herri Urratseko koordinatzaileak. Haren alboan Seaskako lehendakari Isabelle Charritton, egitarauaz arduratu den Jakes Erramouspe eta EHIKen koordinatzaile Zuriñe Mendizabal zeuden.

Ibilbideak sei gune izango ditu; Araba, Gipuzkoa, Nafarroa, Lapurdi, Zuberoa eta Haurren txokoa. Musika, dantza, kontzertuak eta bertsolariak izango dira, besteren artean. «Egitarau aberats bezain zabala prestatu dugu Senperera bertaratuko direnek egun goxoa pasa dezaten», plazaratu zuen Erramouspek. Berrikuntza gisa maskarada eta Kili Kolo Zirko ikuskizuna aipatu zituen.

Lehena 10.00etan abiatuko da Lapurdi gunetik eta Araban bukatuko da. «Helburua oholtza handiaren aitzinean maskaradakariak, aitzindariak (xiberotar dantzariak) eta publikoa, denak elkarrekin, dantzan aritzea da. Desfile horretan, maskaradakoek zenbait joko emango dituzte», zehaztu zuen.

Bien bitartean, Gipuzkoa gunean, Kili Kolo Zirko taldeak akrobazia agerraldia egingo du 16.30ean. Irri eta amets egiteko aitzakia ezin hobea da. Heldu zein umeentzat egokia da. Azken horiek txoko propioa izango dute Araba eta Zuberoa guneen artean. 10.30ean, haurrak kantuz; 13.30ean, Hendaiako bertso eskolako haurrak eta 15.30ean pailazoak ikusgai izango dira. Egun osoan zehar, gainera, esku lanak, puzgarriak, lapinodromoa eta arrantza egiteko aukera egongo da.

Musikazaleek kontzertu ugari izango dituzte. Nafarroan goizean goizetik egongo dira. Lehena jotzen BKBO izango da, 11.15ean. Ondoren, Surfin Kaos (12.45) eta Leihotikan (14.15). Bazkaldu ostean, Ken Zazpi taldearen txandairitsiko da (16.00) eta, egunari amaiera emateko, Urgabe (18.00).

Korsikatik etorritako Canta U Populu Corsu musika taldeak abesti tradizionalak joko ditu Araba gunean. «Korsika herriaren balioak defendatu eta bere ondarea nahiz arima zabaltzen ditu», adierazi zuen Erramouspek. Hiru adjektibo erabili zituen 70eko hamarkadan sortu zen talde hori deskribatzeko: «militantea, mistikoa eta mitikoa». Estiloa erabat aldatuz, 16.00etan Mecanica Loca-k Karibeko erritmo beroenak eramango ditu Senperera.

Herri Urratsen lortzen duten dirua Ziburuko kolegioko eraikuntza lanak bukatu eta Larzabalen bi ikastetxe egiteko erabiliko dute. «Jai egun honi esker Estatu frantsesak tokiko hizkuntzekiko erakusten duen engaiamendu eskasari aurre egiten jarraituko dugu. Proiektu hauek gauzatzen laguntzeko, euskara maite duten guztiek beren sostengua adieraztera gonbidatzen ditugu», helarazi zuen Charrittonek.



Autobusak antolatu dituzte lakura joateko
Senperera autobusez joatea gomendatu zuten Herri Urratseko antolatzaileek. Batetik, trafiko arazoak ahal diren heinean ekiditeko, eta, bestetik, alkohola edan ondoren inork gida ez dezan. Hartara, Iparraldeko herri nagusietatik lakura joateko autobusak antolatu ditu Herri Urrats elkarteak. Hori bai, txartelak aldez aurretik erosi behar direla azaldu zuten. Baiona, Hendaia, Hazparne, Donapaleu, Maule, Baigorri eta Donibane Garazitik abiatuko dira. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Preocupación esclarecedora
Euskal Herria
Ezker Abertzalea alerta que las escuchas a EHAK pueden alcanzar al Parlamento
Euskal Herria
Un seminario analizará en Atenas el conflicto vasco
Jendartea
Cada año mueren en el mundo 5,6 millones de niñas y niños a causa de la desnutrición
Kirolak
Euskaltel renueva su compromiso hasta 2008
Mundua
La UE responde con advertencias al decreto nacionalizador de Bolivia
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea