BILBO
Iberdrolak Community Energy Inc (CEI) enpresaren jabetza osoa bereganatu du, eta, modu horretan, AEBetako merkatu eolikoan sartu da. CEI Pensylvania estatuko Wayne hirian dago, eta Ekialdeko kostaldean 2.000 megawatteko (MW) potentziako proiektuak ditu. Iberdrolak 30 milioi dolar ordainduko ditu Community Energy erosteko, eta hitzarmena AEBetako agintariek oniritzia ematen dutenean gauzatuko da.
Ignacio Galan Iberdrolako presidenteak AEBetatik adierazi zuenez, operazio horrek Ibedrolak parke eolikoak kudeatzen duen nazioarteko esperientzia eta CEIk AEBetan duen posizioa bateratuko ditu, eta, modu horretan, Ipar Amerikako merkatu eolikoan «azkar hazteko plataforma» osatuko dute.
Bere aldetik, Brent Alderfer CEIko presidenteak AEBetako merkatuan erosketa hori garrantzi handikoa izango dela esan zuen. «Ezkontza perfektua da: CEIren berrikuntza eta nagusitasuna eta Iberdrolaren indarra elkartuko ditu, eta gure enpresaren hazkundea arinduko du», adierazi zuen.
Bestalde, Iberdrolak energia berriztagarrien sektorean hazten jarraituko du. Aurtengo lehen hiru hilabeteetan 3.914 MWeko instalazioak ditu, eta, horietatik, 3.598 eolikoak dira. AEBetako enpresaren helburu nagusietariko bat da eta joan den urtarrilean Iberdrola Renewable Energies USALtd enpresa sortu zuen.
Iberdrolak 2008an energia berriztagarrietan 6.200 MW potentzia lortzea espero du, eta 2011n, 10.000 MW. Orain arte, estrategia horrek energia eolikoan eta Estatu espainolean izan du oinarria. Aurrerantzean teknologia hori ez ezik, eguzki energia eta beste estatuetan ekimenak bultzatuko ditu.
Txinan hitzarmena
Bestalde, Iberdrolak Txinako iparraldean dagoen Bayannaoer herriko Udalarekin hitzarmen bat sinatu du 1.000 Megawatteko potentzia duten parke eolikoak abian jartzeko. Haizearen neurketei buruzko ikerketek, eta Txinak onartuko dituen araudien arabera gauzatuko dira proiektu horiek. Enpresaren arabera, legeek egonkortasuna eta errentagarritasuna bermatu behar dute.
Txinako udal horrek lurrak utziko dizkio enpresari haizearen neurketak egiteko. Bost urtez ikerketa horiek egiteko esklusibitatea izango du Iberdrolak. Bere aldetik, 300 MWeko parkea eraikitzeko konpromisoa hartu du enpresak, eta 1.000 MW 2010. urtea baino lehen, betiere, «errentagarritasun eta segurtasun» baldintzak bermatuta ikusten baditu. Hitzarmen horren bidez, Iberdrola hazteko ahalmen handia duen Txinako merkatuan sartuko da. Gobernuak joan den urtarrilean 2020an 30.000 MWeko potentzia lortzeko helburua finkatu zuen, eta enpresak babes legala espero du negozioa garatzeko.
AEBetako eta Txinako operazioek Gamesa enpresako akzioen balioa %4,47 igo zuten, Iberdrolak parkeak eraikitzeko teknologia Gamesari erosten diolako.