- Buruz Buruko Txapelketa
Irujok Donostian jokatuko du eta Ruizek Iruñean
·Lizarrakoak eta Belokik gaur bertan aukeratuko dute materiala Labriten
DONOSTIA
Sebastien Gonzalez eta Aimar Olaizolak pasa den asteburuan finalaurrekoak jokatzeko txartelak lortu ostean, enpresek erabaki dute beste bi finalerdiak non eta noiz jokatu dituzten. Ostiral gaueko hamarretan hasiko den jaialdian, Iruñeko Labrit pilotalekuan, Ruben Belokik eta Patxi Ruizek neurtuko dituzte indarrak; larunbat arratsaldeko bostetan, Donostiako Atano III.ean hasiko den pilota festan, berriz, Juan Martinez de Irujo eta Kepa Peñagarikano izango dira aurrez aurre. Esan gabe doa ostiral arratseko lehen final-laurdena ETB1ek emango duela zuzenean, eta larunbatekoa Telecincok eskainiko duela okerrik ezean.Datak eta lekuak zehaztearekin batera, Aspek zein Asegarcek pilota aukeraketak noiz egingo dituzten ere jakinarazi dute. Beloki eta Patxi Ruiz gaur bertan bilduko dira Labriten 11.30ean materiala hautatzeko. Biak enpresa berekoak izanik ez da espero inolako arazorik Juan Mari Juaristik aurkeztuko dituen pilotekin. Irujok eta «Peña»k, bestetik, bihar dute hitzordua materialarekin ordu berean, Donostian.
Serie-buruak faborito
Orain artean argi-itzalez beteta egon den Buruz Buruko Txapelketa azken txanpan sartu da jada, eta lehia bakoitzak sortzen duen ikusmina gero eta handiagoa da. Final-laurdenetako lehen asteburuan bi serie-buruek garaipena lortu zuten, eta oraingoan ere dirua Patxi Ruiz eta Irujoren alde aterako da. Iberoko aurrelariaren kasuan, artekariek dirua erabat bota beharko dute lan pixka bat egitekotan, Binakako azken txapela irabazi eta gero katedrak itsu-itsuan egingo baitu bere alde. Peñagarikanok txapelketa ikusgarria bete du, apartekoa, baina Irujo koska bat edo bi gorago dagoela esan daiteke.Lizarrako atzelariari dagokionez, aldiz, faborito moduan irten arren, Ruben Belokik beldur gehiago eman diezaioke apustuzaleari. Lau aldiz txapeldun izandako burlatarrak min hartuta amaitu zuen Oier Zearraren aurka jokatutako kanporaketa, eta hamar bat egun eman ditu geldirik, pilota ukitu ezinik. Hori dela-eta, berak jokatzeko arazorik ez duela aitortu du egunotan ikusi egin beharko da sasoiz bete-betean iristen den neurketa garrantzitsu honetara edota aduktorean jasandako zuntz-hausturak nolabait erasango ote dion. Aipagarria da, azkenik, bigarren igandez jarraian ez dela Buruz Buruko neurketarik jokatuko. Joan den asteburuan larunbata eta astelehena izan ziren hautatutako egunak, oraingoan, berriz, ostirala eta larunbata hobetsi dituzte.
|