- Sega
Taldekako lehiaketa bat antolatu du nazioarteko erara Almintza elkarteak
·Kirolaz gain, kultura eta festa ere uztartu nahi dituzte maiatzaren 21ean Tolosan
DONOSTIA
Almintza elkarteak taldekako segalarien lehiaketa bat antolatu du, nazioarteko erara, hilaren 21erako. Tolosan jokatuko da, eta kirola, kultura eta festa uztartu nahi ditu.
«Alemanian urte asko daramatzate era honetan lehiaketa bat antolatzen. Hemen, garbi dago segak behera egin duela, izen asko uzten ari dira, eta Gipuzkoan aurten sei segalarik bakarrik eman dute izena. Beste herrialdeetan, berriz, egoera larriagoa da, eta segari eutsi egin nahio diogu», esan zuen Altzok, Almintza elkarteko kideak.
Lehiaketa horretan 20-25 talde inguru izango dira mutiletan, eta bi edo hiru nesketan. Euskal Herrikoez gain, Kataluniatik ere espero dituzte. Euskal Herrian, talderik gehien Gipuzkoakoak izango dira, baina Araba, Bizkaia edo Lapurditik ere etorriko omen dira. «Garbi dago betiko erako segak oso iraupen laburra izan dezakeela. Era horretara hemen bakarrik irauten du, eta herri kirol munduan dirua sartzen den kirolek egiten dute aurrera, eta garbi dago segak ezetz. Nazioarteko erara, berriz, ez da betiko eran egiteko behar den prestakuntza hori behar. Hemen segalari asko daude baztertuta, eta horiek berreskuratu nahi ditugu», esan zuen Altzok.
Lehiaketa horretan izen ezagun asko izango dira, eta taldeak ere erraz ari dira egiten. Bixente Mitxelenak, esaterako, beste hiru anaiarekin osatu du taldea. Gaztelutik, hiru talde etorriko dira, Zaldibian ere beste horrenbeste egiteko asmoa badute, eta Bizkaitik ere bai. Gero, segalari beterano batzuk ere taldea osatzekotan omen dira: «Irazusta segalari ospetsuak esaterako, badakit beste beterano batzuekin taldea osatu duela. Segan ibilitako asko izango dira hemen», baieztatu zuen Altzok, Almintza Elkarteko kideak.
Baina lehen aipatu bezala, hemen kultura eta festa ere uztartu nahi dituzte, eta bertso elkarteak eta trikitilari elkarteak ere talde bana ateratzekoa omen dute. «Bai, eta badakit prestatzen ari direla. Gure baldintzetako bat da, talde batean segalari on guztiak ez jartzea, bestela alde handia egon daitekeelako, baina lekuren batean goi mailako segalariak baldin badaude, eta talde bakarra osatzen badute, ez dago ezer egiterik. Gaztelun, esaterako, Aranalde, Goikoetxea eta Gabirondo daude, hirurak izango dira aurten Gipuzkoako Txapelketetan, eta hemen hiru talde egin dituzte», baieztatu zuen Altzok.
Segalarien lehiaketa amaitutakoan, bazkaria izango da Tolosan bertan, segan arituko diren belarditik oso gertu, Usabal jatetxean izango da. Bertan, bertsolariak eta trikitilariak ere izango dira, eta ez omen da umorerik faltako: «Dena ez dago lotuta, baina aurkezle, esaterako, Kike Amunarriz eta Andoni Egaña izateko asmoa dugu. Beraz, garbi dago kirol esparrua baino zerbait gehiago jorratu nahi dugula», esan zuten antolatzaileek.
Taldekako segalarien lehiaketa horretan parte hartzeko izena emateko epea aste honen amaierara bitartean zabalik egongo da, eta horretarako 615 74 34 11 telefono zenbakira deitu behar da. Gero, bazkarirako ere, edozeinek eman dezake izena, eta han izan nahi duenak ere, aurrez aipaturiko telefono zenbaki horretara dei egin beharko du.
Sei segalari Gipuzkoako Txapelketan
DONOSTIA Sei segalari soilik izango dira aurtengo Gipuzkoako Txapelketan, eta izen ezagun asko faltako dira. Aurten, esaterako, Erasun, Mitxelena, Ormaetxea eta Goenaga ez dira lehiaketan izango, eta urte askoren ostean, berriro ere Joxe Gabirondo arituko da. Aurten honako segalari hauek hartuko dute parte. Gabirondo, Goikoetxea eta Zuriarrain arituko dira A multzoan, eta Aranalde, Dorronsoro eta Alkorta B multzoan. Finalerdiak ekaineko bigarren edo hirugarren asteburuan jokatuko dira Larraitzen edo Zizurkilen. Biak egun eta leku berean jokatuko dira. Multzo bakoitzeko estreinako bi segalariak finalera sailkatuko dira, eta ekainaren 25ean Pikoketan neurtuko dira lau segalari. Sei kirolarik eman dute izena, eta aipagarria da horietako hiru Gaztelukoak izatea. Bai Aranalde eta bai Goikoetxea azkeneko urte hauetan ere hor dabiltza, eta Gabirondo urte asko utzita egon ostean, aurten berriro itzuliko da. Adituen ustez, gainera, aurten txapela Gaztelura joan omen daiteke, hiru segalari horiek baitira Gipuzkoako txapela lortzeko faboritoak.
|