GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Editoriala 2006-05-14
Euskararen alde, aintzirarat

Azken egun hauetan ikusi ahal izan dugu euskaldunek euskarari ofizialtasuna aitortu zaion lurraldeetan ere ez dituztela hizkuntz eskubideak. Euskara, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde publiko askorentzat ere, bigarren mailako hizkuntza dela. Justizia Administrazioak EAEko Poliziarekin euskara erabili nahi izatea zigortu egiten duela. Eta hala ere, dituen muga eta ezintasun guztiekin, EAEn euskarak badu nolabaiteko babesa eta aitortza publikoa. Guztiz bestelakoa da Zuberoan, Lapurdin eta Nafarroa Beherean euskarak eta euskaldunek duten egoera.

1992an egin zuen Konstituzioaren erreforman, Estatu frantsesak Errepublikaren hizkuntz ofizial frantsesa aldarrikatu zuen, 2.1 artikuluan. Bertan, berdintasun printzipioa aldarrikatzen dute, baina babes publikoa soilik frantsesari aitortzen diote. Estatu frantsesean, gainera, erregioen hizkuntzak arautu gabe daude, Ipar Euskal Herriko euskaldunek, beraz, ez dute hizkuntz eskubiderik, eta euskarari ofizialtasuna ukatzen zaio. Aurten, Euskararen Erakunde Publikoa sortu dute. Akitaniak, Kontseilu Nagusiak eta hautetsien ordezkariek osatzen duten erakunde horrek, aldiz, ezin du ofizialtasunak hizkuntza bati eman behar dion babesa ordezkatu. Hori dela-eta, Herri Urrats gisako ekimenak guztiz beharrezkoak dira Ipar Euskal Herrian. Finean, gizartearen bultzadaren, borondatearen, lanaren eta ahalegin ekonomikoen fruitua dira hiru lurralde horietan euskarak egin dituen urratsak.

Herri Urrats euskararen aldeko festa bat da, eta nola ez Zuberoako, Nafarroa Behereko eta Lapurdiko ikastolen garapenerako diru-iturri ezin garrantzitsuagoa. 1984an sortu zen ekimena urtez urte finkatuz eta handituz joan da. Euskarak ez bezala, ikastolek estatutu bat daukate, baina hark ezarritako eredua erabat zaharkitua gelditu da gaur egun ikastolek egin behar duten lanari begiratuta. Izan ere, gizarteak bizi izandako aldaketez gain, ikastolek Ipar Euskal Herriko hezkuntza komunitatean hartu duten dimentsioa kontuan hartu behar da: 1969an ikastola bakarra zegoen, eta zortzi irakasle. Gaur egun, aldiz, 24 ikastola eta 2.000 pasatxo irakasle daude. Ez da, noski, egun bateko kontua. Baina gaur bezalako egunek lagundu dute salto hori ematen. Eta, batez ere, egunerokotasunean euskararen biziraupenaren erronkari eutsi diotenak: irakaskuntza eredu bat, hizkuntza baten etorkizuna, eta herri baten altxor kulturala dago jokoan. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
4.000 pasos más contra la dispersión
Jendartea
Hasta que se le dé la palabra a los ciudadanos...
Ekonomia
«La anchoa es una especie única en el mundo que tenemos que preservar»
Mundua
La otra América se impone en la cumbre de la capital austriaca
Kirolak
El final más cruel para un proyecto y una idea autodestructiva
Euskal Herria
«Ha llegado el momento de materializar los compromisos en el proceso democrático»
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea