BILBO
PSOEk euskal herritarren erabakitzeko eskubideaz eztabaidatzea onartzen badu, ETAren aurkako borroka galdua duela esan zuen atzo PPko EAEko presidente Antonio Basagoitik Bilbon. Honela aurreratu zitzaion gaur egunkari honek dakarren ETAri egindako elkarrizketari.Atzo zabaldutako aurrerapenari erreparatuz, erakunde armatuak irtenbidearen gakoa Euskal Herrian egin beharreko eztabaida dela nabarmendu izanarekin kezka han- dia agertu zuen Basagoitik. Haren ustez, bide horretatik «arrisku garbia» dago: «Bake prozesua delakoa Estatuaren errendizio prozesua izatea».
Hori dagoeneko gertatzen ari dela ziurtatu zuen Basagoitik: «Su-etenaren bultzada ETAren eskuetan uzten du, ETAk esaten digu zer egin behar dugun guk beraiek berriro hil ez dezaten».
Hala, Gobernuak bi astean behin kaleratzen dituen ekintzen etenaldiaren inguruko txostenei kritika egin zien PPko agintariak. Izan ere, haren hitzetan, garrantzitsuena ez da «ETAk ez duela azkeneko asteetan ezer egin baieztatzea», «etorkizunean ere ez duela berriz egingo baieztatzea» baizik. Beraz, «ETAk armak utziko dituela dioten txostenak» exijitu zizkion Zapatero buru duen Gobernuari.
Oro har, PSOEko gobernariek ekimen guztia euskal erakunde armatuaren eskuetan utzia dutela salatu zuen Antonio Basagoitik: «Gobernua bandaren atzetik dabil, eta bere bozeramaileen atzetik». Horren seinaletzat jo zuen Zapaterok dagoeneko ez duela «ETAren ohiko aldarrikapenetaz eztabaidatzeko aukera errefusatzen».
Adibide batzuk ematearren, alderdien arteko mahaiaz, Gernikako Estatutuaren agorpenaz, Batasunaren ustezko berlegeztatzeaz, Nafarroaren parte hartzeaz, erabakitzeko eskubideaz eta herri galdeketaz hitz egiteko prest dagoela Moncloa salatu zuen Basagoitik, hori guztia onartezina iruditzen zaiolako.