GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-05-14
Biarritz munduko imajinen erakustoki
·Biarrizko Argazki eta Bideo Jaialdiak gizarteko errealitate ezberdinen irudi bereziak erakutsiko ditu hilaren 21a arte

Biarrizko Argazki eta Bideo Jaialdiaren bigarren edizioa atzo hasi zen eta maiatzaren 21ean bukatuko da. Bideo emanaldiak atzo hasi baziren ere, Bellevuen dagoen argazki erakusketa gaurtik aurrera izanen da publikoari irekia. Bideo formatuan salaketa eta jostaketa nahasten dituzten film oso ezberdinak dira ikusgai hiriko Udal-kasinoan, Itsasoaren Museoan, Santa Eugenia Kriptan eta Le Royal zinema aretoan gaur eta bihar.

BIARRITZ

Arteak adierazpen bide ezberdin anitz ditu, eta horietako batzuk erakusteko Biarrizko Kultura Sailak erakustokien aniztasunaren alde egin du. Jaialdiak eskaintzen dituen bideo eta argazkiak ikusteko kostaldeko hiriko toki erreferentzial ezberdinetatik itzulia egiten da, itzuli turistikoa artistikoari lotuz.

Sarritan arte erakusketak barnean hartzen dituen Santa Eugenia elizako kripta eder eta mistikoan jaialdiko arduradunek Claude Closkyren bideoa ezarri dute. Iaz Marcel Duchamp saria irabazi zuen artistaren “Journal” obrak hedabideen lana kritikatzen du era atsegingarri batean. Horretarako, Internetetik ateratako imajinak emanak dira bata bestearen atzetik. Lotura horiek ikuslearen pentsamenduaren ateak irekitzen dituzte. Irudi bakoitzak errealitatean dagokion soinuarekin bat egiten du, eta kriptaren lurrazpiko zolitasun bereziak aparteko sentsazioak sorrarazten ditu ikuslearengan.

Kasinoko diru makina eta mahaien ondoan dagoen antzokiak zenbait artisten berezko ikuspegiak plazaratzen dituzten bost bideo hartzen ditu. Alberto Garcia-Alixen “Extranjero de mí mismo” bideoak zuzendariaren beldurra eta iheserako joera ikus-entzunezko poesia baten bitartez agerrarazten du. Hitzetatik imajinetara droga menpetasunaren errealitate deskripzio pribatu bat da bideoa. Ange Lecciaren “Ruins of Love” emakumeen edertasunaren omenaldi bezala hartua da, horretarako Kanputxeako emagalduen errealitate gordina erakusten du, lanean gizonezkoen bortizkeriaren arriskua nabarmenduta. Kanputxeako beste ikuspegi bat eskaintzen du Jean-Luc Vilmouthek “The White buildin”en. Le Corbusierren jarraitzaile batek 1960an egin zuen etxebizitza eraikin handi baten denboran zeharreko garapena erakusten du. 1979an etxeetako biztanleek eraikina berentzat hartu zutenetik duen itxuraren eta barne bizitzaren berri ematen du Vilmouthek.

Christelle Lheureuxek “A carp jumps in his mind”en bonba atomikoa Hiroshiman bota zuteneko kontaketa singularra egiten du. Filmean zehar familia batek bonba bota baino lehen eta gero nola bizi izan zuen kontatzen du ahots batek. Imajinek, bestalde, hiriko gazte bat erakusten dute Hiroshima inguruko mendietan zehar ibiltzen eta naturarekin jolasean. Alfredo Jaaren “Muxima”k errealitate politiko eta sozial latzak agerian uzten ditu imajinaren statusa zalantzan jarriz.

Itsasoaren Museora hurbilduta, “The Blue Noses” talde bideoak ikusteko aukera izanen da. Veneziako Bienalerako egindako bideo horiek itxura urratzailea dute, hiru kartoi kutxen barnean goitik begiratuta ikuslea vouyeur jarrera hartzera behartzen duten hiru film motz daude. Segundo gutxi batzuetako bideo horiek lotsagabe eta jostagarriak dira, biluzik edo arropa gutxirekin pertsona heldu batzuk jolasean agertzen dira. Jaialdiko arte obrekin batera itsasoaren sekretuak erakusten dituen tokian, museoan bertan itxian jaio den Nahia itsas-txakur zuria ikusteko aukera ere bada.

Gaurtik aurrera irekia izanen den Bellevueko “Passage en ville” argazki erakusketak hirietako imajina esanguratsuak aurkeztuko ditu. Hiri batetik bestera bidaiatuz gizartearen eta arkitekturaren irudien bitartez, aldi berean toki ezberdinetako berdintasun eta ezberdintasunak agerian utziz.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
4.000 pasos más contra la dispersión
Jendartea
Hasta que se le dé la palabra a los ciudadanos...
Ekonomia
«La anchoa es una especie única en el mundo que tenemos que preservar»
Mundua
La otra América se impone en la cumbre de la capital austriaca
Kirolak
El final más cruel para un proyecto y una idea autodestructiva
Euskal Herria
«Ha llegado el momento de materializar los compromisos en el proceso democrático»
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea