Sacks-en «Oaxacako egunerokoa» euskaraz argitaratu du Gaiak-ek
Jaione Alberdik euskaratuta, Oliver Sacks-en «Oaxacako egunerokoa» plazaratu berri du Gaiak argitaletxeak «Pentsamendu garaikidea» bilduman. Liburuan, neurologo ospetsuak landarezale talde batekin Oaxacara eginiko bidaiaren berri ematen du, eguneroko gisa eman ere, hots, miresten dituen XIX. mendeko naturalisten antzera. Ikusten eta sentitzen duenari buruzko gogoeta egiten du Sacks-ek, ohi bezain zorrotz.
DONOSTIA
Neurologoa eta literaturan, zineman nahiz musikan eragin handia izan duten hainbat libururen egilea izateaz gain, AFS Ameriketako Iratze Elkarteko kidea ere bada Oliver Sacks. Batez ere botanikaz arduratzen den elkartea da, zientzia elkartea, beraz; baina, hein batean, behintzat, zientzialari amateur edo boluntarioek osatua da. Horri esker, bertan ez da sumatzen beste giroetan unibertsitate munduan-eta zientziala- rien artean sumatzen den lehia. Eta hori omen da Sacksek gehien estimatzen duena, XIX. mendeko zientzialarien «espiritu sanoa», nolabait esateko.2000. urte hasieran, Iratze Elkarteak espedizio bat antolatu zuen, Oaxacara. Eta bertan parte hartu zuen Sacksek. Miresten dituen XIX. mendeko aitzindarien moduan, eguneroko bat idatzi zuen, “Oaxacako egunerokoa”. Bertan, oro har, mundu modernoko uzten, merkatuen, usainen, dastamenen eta abarren pobretzea nabarmentzen du, Oaxacakoen aldean. Eta gauza asko eta asko ditu gogoetagai, hala nola, herri prekolonbinoen ezagutza matematiko eta astronomikoak, arkitektura, txokolatea, kautxua, tabakoa edota pilota jokoa. Kulturen artean ez dagoela ez eskalarik ez linealtasunik ondorioztatzen du Oliver Sacksek. Literaturan, zineman eta musikan oihartzun handia lortu duten liburuak idatzi ditu Oliver Sacks-ek, neurologoa den arren, edo, hobeto esan, neurologoa izanik. Izan ere, gehienetan kasu klinikoetatik abiatzen da Sacks, baina kasu horiek jorratzeko duen ez ohiko moduak literatur aldera erakartzen ditu bere liburuak.
Neurologia eta literatura Horren lekuko da “Awakenings” (iratzarraldiak), Robert De Nirok protagonizatu zuen film ospetsuaren oinarria, gaztelaniaz “Despertares” izenburuarekin estreinatu zutena. Baita Mychael Nymanen opera baten sorburu izan zen kasu bat ere, gure artean Txalok “El hombre que confundió a su mujer con un sombrero” izenburuarekin antzerki moduan eman zuen kasu bera. Hala ere, bere lanik ospetsuena seguru asko “Antropologo bat Marten” da. Lan hori ere euskaraz irakur daiteke. Izan ere, orain dela hiru bat urte Gaiak-ek berak argitaratu zuen, bi liburukitan, “Zazpi kontaera paradoxiko” izenburuarekin.
|