ELOSIAGA
Mendizabalek eta Uzkudunek osatutako bikoak eraman zuen atzo arratsaldean Elosiagan jokatu zen apustua. Txanda librean aritu ziren, eta ordubeteko lana izan zuten. Hasteko, bost kana-erdiko moztu behar izan zituzten, eta ondoren ordubete bete bitarte segan aritu ziren.Aurretik ere iragartzen zen jendeak erruz erantzungo zuela, eta horrelaxe izan zen, 1.500 ikusle inguru batu baitziren desafioa ikusteko. Dirua, berriz, 100-60ri atera zen Mendizabal eta Uzkudunen alde. Biko bakoitzak 300 euro jokatzen zituen dirutan.
Lau gazteak ziren berriak bai aizkoran, baita segan ere, eta desafioa berdin samara izango zela uste arren, azkenean alde handia kendu zien Mendizabalek eta Uzkudunek Belokiri eta Iturtzaetari. Aizkoran batera amaitu zuten, baina segan irabazleak askoz ere hobeto aritu ziren.
Bost kana-erdiko moztea zen lehenengo lana, eta hor ere gero apustua bereganatu zuen bikoa nagusitu zen, nahiz eta azkeneko enborrera bitarte atzetik joan ziren. 2 minutu eta 23 segundotan bota zuten estreinako kana-erdikoa Belokik eta Iturtzaetak, eta besteek, berriz, bederatzi segundo gehiago behar izan zuten.
Bigarren enborrean aldea gehitu egin zuten. Bost minutu eta segundo batean bota zuten bigarren kana-erdikoa, eta Mendizabalek eta Uzkudunek 25 segundo gehiago behar izan zuten. Belokik eta Iturtzaetak hirugarren enborrean aldea gehitu egin zuten. 8 minutu eta 17 segundotan bota zuten, eta besteek, berriz, 8.50ean.
Laugarrengoan, ordea, aldea asko murriztu zuten Mendizabalek eta Uzkudunek, nahiz eta oraindik atzetik ziren. 11.25 izan zen Iturtzaeta eta Belokiren denbora laugarren kana-erdikoan, eta bost segundo gehiago behar izan zituzten Mendizabalek eta Uzkudunek.
Azkeneko enborrean, ordea, lehen aldiz aurreratu zen gero desafioa eraman zuen bikoa, eta 14.55 izan zen haren denbora, eta galtzaileek, berriz, hiru segundo gehiago behar izan zituzten aizkorako lanak amaitzeko. Beraz, segan bi bikoteak ia batera hasi ziren.
Lanean hasi eta biltzaileak belarra batzen hasi zirenean, ordea, berehala ikusi zen Mendizabal eta Uzkudun hobeto ari zirela belarra mozten, eta zaleen ustez apustua irabazten beraiek ari ziren. Belarra zenbat eta gehiago bildu, orduan eta garbiago ikusten zuten.
Azkenean horrelaxe izan zen, Mendizabalek eta Uzkudunek eraman baitzuten garaipena. Guztira 3.581 kilo belar moztu zituzten, eta Iturtzaetak eta Belokik 2.767,5 kilo.
Emaitzaren gainetik bi bikoek egindako lana izan zen, lehen aldiz plazaratu baitziren atzo. Jendearen erantzuna ere latza, gutxitan ikusten baitira 1.500 lagun.