SAO PAULO
Sao Pauloko Poliziak atzo eman zituen datuen arabera, 72 pertsona hil dira joan den ostiralean hasi zen matxinadan.Errepresioak ere gora egin duela argi uzten dute zenbakiek. Izan ere, lehen egunetan hildako gehienak poliziakideak edota kartzelariak ziren; atzo jakinarazitako kopuruan, berriz, 22 «susmagarri», zortzi «preso» eta bi «zibil».
Presondegietan hildakoak askozaz gehiago izan daitezkeela ohartarazi du “Jovem Pam” irratiak, barruan zer gertatzen ari den zehatz jakiterik ez baitago. Sao Pauloko Presidente Prudente eskualdean, Brasilgo kartzela gehien hartzen dituen alderdien, egoera larria da. Luceliako kartzelan sartzeko prest zegoen atzo Polizia, presoek bahitu dituzten sei kartzelariak askatzen saiatzeko. Sao Paulo estatutik at, presoak matxinatu egin dira Mato Grosso do Suul eta Parana estatuetako lau kartzeletan. Argentinarekin eta Paraguayrekin muga egiten duen Foz do Iguazu estatuan beste matxinada baten berri eman dute iturri ofizialek.
45 kartzelatan matxinadak daude eta Sao Paulo hiriburuko kaleetan egoerak ez du hobera egin. Igande gauean 20 autobus erre zituzten matxinoek hirian, eta beste 45 Sao Bernardo, Diadema eta Osasco inguruko herrietan. Gainera, gutxienez hamar banketxe suntsitu zituzten.
Segurtasun Publikoaren Ordezkaritzak igandean eman zituen datuen arabera, Poliziaren aurkako 115 atentatu zenbatu dituzte azken egunotan. Erasoak Hiriburuko Lehen Komandoari (PCC) egotzi dizkio.
Vienako gailurretatik bueltan, Brasilgo presidenteak, Luiz Inazio Lula da Silvak, Armadaren eta Polizia Federalaren laguntza eskaini die Sao Pauloko agintari politikoei.
Zirkulazio guztia debekatuta
Hiriburu erraldoian autoan ibiltzea debekatu du bertako Gobernuak. Erasoen ostean autobusik ere ez dago eta jendetza izugarria ikusten da geltoki gehienetan.Hala ere, Sao Pauloko Poliziaren agintari batek, Godofredo Bittencourtek, lasaitzeko mezu bat zabaldu du, eta egoera kontrolpean hartzea denbora kontua baino ez dela azaldu du.