Eskualdeko ganaduzaleek 100 buru inguru eraman zituzten erakustaldira, zaldien eta hainbat arrazatako behien artean. Ardien atalari dagokionez, beste 100 buru inguru izan ziren erakusgai adin ezberdinetako taldeetan. XXXII. abere lehiaketa izan zen atzokoa. Maria Ascension Castresana belauntzarrak, Maroñoko Menoyok eta Laudioko Aspiunzak ardien ataleko hiru lehenengo sariak eraman zituzten. Zaldien atalean, Eulalia Angulok, Padura Esnarriagak, Orivek eta Astarloak jaso zituzten sari preziatuenak atal ezberdinetan.
Abereen erakusketak tradizio handia badu ere, lehengo lanbideen erakustaldiak ez du gutxiago, eta publikoaren arreta piztu zuen. Horietako batek, Alfredo Zatorre errementeriak, aititaren eta aitaren lanbide zaharra erakutsi zuen. Fustiñanarrak esan zuen: «Errementeri asko dago, baina hori baino gehiago, metalginak dira». Errementeri onek bezala lan egiten ikasteko, urteak behar direla gehitu zuen: «Esperientzia izatea da ogibide honen sekretu nagusia».
Saltokien gunean, bestalde, beste artisau batzuk aritu ziren saskigintzan edota egurgintzan. Baserritarrek ere ez zuten huts egin herriko patroiaren jaian, ohiko pastelak, ogia eta ortuarien produktuak izan baitziren salgai. Gazta izan zen, hala ere, eguneko beste produktu izarra. Gazta lehiaketan hiru gaztagile izan ziren eta lehenengo saria Larrabek eraman zuen. Ekitaldi horretan ohikoa denez, herriko ganadu batzordeak gazta dastatzeko eskaini zuen ardoarekin batera.
Horrelako egun batetan, ezin zen kale animazioa falta, eta horrez gain, herri kirolen erakustaldia egon zen ferialekuan bertan. Bertan, aizkoran eta trontzan neurtu ziren kirolari bikote bi, eta horietako bat aiararra zen. Horrez gain, trikitiaren doinuak goiz osoa alaitu zuen azoka, baita hara joan ziren pertsona guztien umorea.
Baserrietako tresneria ere erakutsi zuten, hala nola, traktoreak, lurra lantzeko tresnak eta belarra lantzekoak.
Beraz, eguraldi ezin hobeaz lagunduta, goiza pasatzeko plan ezin hobea izan zen atzoko feria. Gutxi batzuek daukate astelehena libre, baina, hala eta guztiz ere, ez ziren pertsona gutxi joan ferialekura.