Sanzen Gobernuari esker, kuartel berria Lekunberrin
·Lursail bat erosi duela iragarri du, Guardia Zibilak han eraikina egin dezan
Azkenik, Nafarroako Gobernuak hartutako erabakiak ahalbidetuko du Lekunberrin Guardia Zibilaren kuartel berria eraikitzeko lursail bat erostea. Horretarako, kuartel zaharra eta dirua izango ditu trukean. Auzia aspalditik izan da eztabaidan herritar eta erakundeen artean.
LEKUNBERRI
Atzoko saioan, Nafarroako Gobernuak Lekunberrin 4.743 metro koadroko lursail bat erostea onartu zuen, bertan Guardia Zibilaren kuartel berria eraikitzeko. Horrek 359.822 euroko kostua izango du, iragarri dutenez.Azaldu zutenaren arabera, lursail hori orain eskuratzea Gobernu espainolaren ordezkaritzaren eta Lekunberriko Udalaren arteko negoziazioetan Nafarroako Gobernuak izandako bitartekotzaren ondorio zuzena da. Lehenengo biak Guardia Zibilaren kuartela hirigunetik ateratzeko lekualdaketaren gainean aritu ziren negoziatzen, baina bi erakundeen interesak ez zetozenez bat, eztabaidak blokatu egin ziren. Atzo onartutako eginbidearen bigarren zatiaren arabera, bestetik, honetan adostu dira: Nafarroako Gobernuak Nasuinsa elkarte publikoaren bitartez Lekunberriko hirigunean (Aralar kalearen 23. zenbakian) dagoen egungo eraikina eta orain eskuratutako lur- saila trukatzea. Truke horretan, Estatu espainoleko Administrazioak 146.605 euro eman beharko dizkio ordainetan. Hain zuzen, horixe baita egun guardia zibilek darabilten eraikinaren eta kuartel berria eraikitzeko lur sailaren arteko kostuen aldea. Nafarroako Gobernuak hartutako erabakiak urte askotako auzi bati eragiten dio modu zuzenean. Izan ere, 2002 urteko ekainean Ministroen Kontseilu espainolak berak hitzartu zuen orduan Guardia Zibi- lak erabiltzen zituen bulegoak etxabe batean paratutakoak egiazko kuartel bilakatzeko baimena ematea Barne Ministerioari.
Arautegia bete gabe 1999an eraikin osoa eskuratu zuen Ministerioak, eta orduan Udalera jo zuen erabat erreformatzeko baimen eske. Baina ez zuen kontuan izan eraikinak ez zituela hori egin ahal izateko beharrezko hirigintza ezaugarriak betetzen aurreko hamar urteetatik, eta udal agintariek ezezko biribila eman zioten. Lekunberriko alkate Jose Maria Aierdik zera esan zuen, argi asko, orduan: «Arauak bizilagun guztiontzat eginak dira; guardia zibilentzat ere bai». Herritarren kexa ugari izan zen, baina Udalak Ministroen Kontseiluaren ebazpenaren aurka aurkeztutako helegiteari bidea itxi zion Auzitegi Gorenak 2002ko ekainean kuartel berria «interes publikokoa» dela nabarmenduta.
|