GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Gaurkoa 2006-05-16
Aiora Filarmendi - Euskal Herriak Bere Eskolako kidea
Euskal Herriko ikastetxeetako liburutegiak Europako inbidia izan daitezen

Testuliburuen doakotasunaren gaineko eztabaida ohikoa izan da gure herrian eta garai ezberdinetan planteatu izan da. Ikasturte honetan gaiak oihartzun aipagarria hartu du, bereziki Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, hiru herrialde horietako Hezkuntza Sailak doakotasuna bermatzeko formula jakin bat plazaratu baitu: ikastetxe bakoitzak beharrezko testuliburuak erostea eta testuliburu horiek urtez urte berrerabiltzea.

Doakotasunaren aldekoek pozarren hartu dute berria, doakotasuna bermatzeko bidea ikusi baitute azkenean. Argitaletxeek, aldiz, beren kezka agertu dute, besteak beste, testuliburuak era orokorrean berrerabiltzeak salmenten beherakada aipagarria eragingo lukeelako. Eta hori, esan du hainbatek, euskal liburugintzarako eta kulturgintzarako kaltegarria litzateke.

Euskal Herriak Bere Eskolak ikuspegi berri bat eman nahi dio orain arteko eztabaidari. Baina gure proposamen zehatza egin aurretik beharrezkoa da hainbat afera argitzea.

Gure hausnarketen abiapuntutzat, egun, Euskal Herriko ikastetxe gehienetan eta irakasgai gehienetan, testuliburuek duten nagusitasuna kokatzen dugu. Testuliburua da ikaste-irakaste prozesuan gehien erabiltzen den baliabide pedagogikoa, horrek dakartzan ondorio negatibo guztiekin. Lehenik eta behin, kontuan hartu behar dugu testuliburu bat argitaratzeko, saltzeko edo irakaskuntzan erabiltzeko, Administrazioaren baimena behar dela. Alegia, subjektiboa den eta talde politiko hegemonikoek jarri duten filtroa pasatu beharra dago, horrek suposatzen duenarekin. Beraz, testuliburuak tresna politiko gisa ulertu behar ditugu, horien erabilpenaren ondorioz, ezagutza eta balio jakin batzuk ezagutza arrunt eta unibertsal bezala planteatu eta irakasten baitira. Edukien aukeraketak, adierazteko erak, kalitateak eta esanahiak izaki baten mundu-ikuskeran eragina duten faktoreak dira; faktore horiek mugatuko dute izaki horrek nola ikusiko eta nola sentituko duen errealitate hori. Testuliburuetan eduki batzuk agertuz eta beste batzuk aipatu gabe utziz, ideologia transmititzen da; iragana ezagutzen da, orainaldi «bat» komunikatzen da eta etorkizunerako esperantza eraikitzen da. Aipatu errealitate hori sortu ahal izateko, beste errealitateak desitxuratu behar dira.

Gure ustez, testuliburuek duten nagusitasuna ez litzateke horrelakoa izan behar. Euskal Herrian hezkuntza euskaldun eta askatzailea praktikan gauzatzeko helburuaz, esperientzia pedagogiko aberatsak garatu dira, baina kapital pedagogiko hori kinka larrian dago. Denboraren eta gehienbat inertziaren poderioz, esperientzia horiek guztiak zimeltzen joan dira, euskal pedagogia jarduera pobretzen joan da, hezkuntza prozesu osoa testuliburu bakar bat lantzera murriztuz. Baina irakasleen utzikeria izan dela esan al daiteke? Izan ere, langileriaren lana kontrolatzeko era erraza da testuliburuak erabiltzea. Testuliburuak eredu estandar batera egokitzen diren neurrian, ikasleen lan-prozedurak estandarizatzeaz gain, irakasleen lan-prozedurak ere estandarizatzen dira. Horrek guztiak dakarren deskualifikazio profesional eta laborala aipatzea ahaztu gabe. Testuliburuen erabilpen nagusiak, langileria espezializatuaren beharrizana gutxitzen du: ikasgeletan irakasleak testuan datorrena irakasten du. Espezializazio handiagorik ez da behar lan hori burutzeko. Beraz, testuliburuen gehiegizko erabilpenak irakasleriaren kasuan sortzen dituen kalteak ere alboraezinak dira.

Zeresanik ez egungo testuliburuek igortzen duten curriculuma aztertuz gero; Begoña Bilbaok berriki argitaratutako liburuan erakusten da euskal ikastetxeetan erabiltzen diren testuli- buru gehientsuek ez dutela Euskal Herria aintzat hartzen. Eta hutsune horiek euskal argitaletxeetan ere aurki daitezke.

Kontuan hartzekoa den beste faktoreetako bat testuliburuen kostu ekonomiko eta ekologikoa da. Hezkuntza prozesua testuliburuen erabilpenean oinarritzean, ezinbestean, ikaslearen gurasoak testuliburua erostera derrigortzen ditu. Doako hezkuntza eskaintzen den honetan kontraesan nabaria aurki dezakegu, are gehiago irakasgai bakoitzak bere testuliburua eskatzen duenean. Gainera, ikasturtea amaitzearekin batera, testuliburuen iraupena ere amaitutzat eman daiteke.

Inork kalkulatu ote du testuliburuen bidez zenbat tona paper eta bestelako produktu botatzen diren zaborretara urtero Euskal Herrian? Ingurumen heziketa lantzen den bitartean, ikasturtero zortzi edo hamar testuliburu botatzea ez al da nahiko kontraesankorra gure gazteentzat?

Beraz, hori guztia kontuan izanik, honakoa da gure ikuspegia. Baliabide pedagogikoen erosketari bai. Testuliburuen monopolioari ez. Eta monopolioari diogu, ez baitugu ukatzen testuliburuek, eta bereziki ongi egindakoek, dituzten onurak. Baina horien gehiegizko erabilpenak eragin kaltegarriak sortzen ditu hezkun- tza prozesuan. Horregatik, ikastetxeak askotariko baliabide pedagogikoez (DVD, irakasleentzako gidaliburu, testuliburuŠ) hornitzea proposatzen dugu. Eusko Jaurlaritzak testuliburuak erosteko erabili asmo duen dirua askotariko baliabide pedagogikoak erosteko erabil dezala aldarrikatzen dugu. Eta horrela Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeen liburutegiak Europako inbidia izan daitezela.

Baliabide pedagogikoek euskal curriculuma garatzea ahalbidetu behar dute. Hau da ikastetxeetako baliabide pedagogikoen bilduma osatzeko orduan proposatzen dugun irizpidea, Euskal Curriculuma garatzeko baliagarriak izan daitezela, alegia.

Eta azkenik, baliabide pedagogikoak sortzeko diru-laguntzen kopurua hazi egin behar da. Euskal Curriculuma sortzen ari den honetan, berau garatzeko baliabideen falta nabaria da. Izan ere, behin Euskal Curriculuma definitu ostean, bera aplikatzeko estrategia nazionala antolatzea dugu hurrengo erronka. Estrategia horren barnean, baliabide pedagogikoen sorrera guztiz funtsezkoa da. Argitaletxeei baliabide horiek sortzeko diru-laguntza gehiago eman behar zaizkie. Gure proposamenaren arabera, testuliburu gutxiago saldu, baina baliabide pedagogikoak sortzeko diru-laguntza gehiago jasoko lukete.

Laburbilduz, ikuspegi berri hau plazaratzeko beharra sentitu dugu. Batetik, euskal argitaletxeek euskal kulturari egiten dioten ekarpena aberasteko; jasoko dituzten diru-laguntzak euskal curriculumaren garapenean garrantzia izango duten izaera anitzeko baliabide pedagogikoak sortzera bideratuz eta ez testuliburu berdinaren milaka kopia argitaratzeko. Bestetik, doakotasunaren bidean, hezkuntza euskaldun eta askatzailea bultzatzeko. Gure herriko gaztetxoek, iraganaren ikuspegi ezberdinak ezagut ditzaten, orainaldi ugari bizi ditzaten, eta ezagutu eta bizi dutenaren arabera beraiek erabakitako etorkizuna eraiki dezaten. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Fracaso de la política euromediterránea
Jendartea
San Isidro, tradizioarekin hitzordua
Euskal Herria
Sanzen Gobernuari esker, kuartel berria Lekunberrin
Ekonomia
Los sindicatos de la UPV esperan que el éxito de la huelga active la negociación
Mundua
El Gobierno español refuerza las medidas de vigilancia
Mundua
Con la Asamblea de Belfast, empieza la cuenta atrás para formar el Ejecutivo
Kirolak
El último bocado a la guinda del pastel
Euskal Herria
Catalanas de diversas ideologías darán eco a la iniciativa Ahotsak
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea