Denok dakigu arrantzaleak azken urte hauetan jasaten ari diren egoera gero eta larriagoa dela. 2002an Prestige petrolio-ontziaren urperatzea gertatu zenetik ezbeharrak besterik ez dituzte izan euskal arrantzaleek. 2003an galipotaren bilketa, 2004an gasolioaren igoera eta 2005ean, berriz, arrantzaren itxiera. Datuek agerian uzten dute arrantzaleen egoeraren larritasuna.
Egia da Nekazaritza eta Arrantza Saila eta sailburua daudela, Samaniego Jauna, alegia, zeinak, sailburua den heinean, ardurak eta eginbeharrak dituen arrantza sektorearen barnean. Hori horrela izaki, Saila eta sailburua arazo horiek guztiak konpontzeko hainbat saialdi egiten ahalegindu beharko lirateke, arrantzaleentzat irtenbideak aurkitu.
2005ean txosten zientifiko batzuek frogatu zuten antxoa kinka larrian zela eta espeziea bera ere galtzeko arriskuan zegoela gehiegizko arrantzaren ondorioz. Txosten horietan oinarriturik, Europar Batasunak antxoaren arrantza debekatzea erabaki zuen 2006ko ekaina arte.
Hala ere, 2005eko abenduaren 21ean, Europar Batasuneko arrantza ministroek onetsi zuten, txosten zientifikoen batzordearen gomendioaren eta arrantza sektorearen aurka, Bizkaiko Golkoko antxoaren arrantzaren debekualdia aurtengo martxoaren 1ean kentzea.
Horrela, 2006ko apirilaren 6an Gasteizko Legebiltzarrera iritsi zen geldialdi biologikoaren eztabaida. Egia da alderdi gehienak geldialdi biologikoa altxatzearekin ez geundela ados, baina egia da, halaber, inork ez zuela ausardiarik erakutsi Europar Batasunari geldialdia urtebetez mantentzeko eskaera irmoa egiteko eta, ohiko moduan, Ezker Abertzalea bakarrik gelditu zen eskaera hori egiteko.
Aurretiaz behin eta berriro entzun genion Arrantza sailburuari erabakia gogor kritikatzen, baina gero, Legebiltzarrean, gobernua babesten duten alderdiek ez zuten salatu erabakia eta ez zuten eskatu behin eta berriz beren diskurtsoetan aipatzen zuten urtebeteko geldialdi biologikoa.
Hala, euskal arrantzaleak itsasora irten ziren, beldurrez, baina baita esperantzarik galdu gabe ere. Lehen egunak bikainak izan ziren Euskal Herriko arrantzaleentzat, baina ireki zenetik bi hilabete igaro ostean, garbi geratu da Bizkaiko Golkoan antxoaren egoera ikaragarri larria dela. Aurreko urtean arrantzatutako antxoaren zifrak oso txarrak izan ziren eta aurtengoak, berriz, okerragoak izaten ari dira.
Azken aste hauetan gogor atera zaigu Samaniego jauna irekiera bertan bera uzteko eskaerekin eta, gainera, arrantzaleei eskatuz beren komenentziaren arabera iritzi aldaketarik ez egiteko, antxoaren arrantza mantentzeaz, bere arduraren zereginik oinarrizkoena arrantzaleek egoera latz honen aurrean hartzen duten jokabidea zuzentzea izango balitz bezala.
Honen aurrean dei egiten diogu Arrantza sailburuari, bere arduraren inguruko hausnarketa egin dezan, Legebiltzarrean urtebeteko geldialdi biologikoa eskatzeko ausardiarik ez baitzuten izan bere alderdikideek. Era berean, dei egiten diogu arazo honi irtenbidea emateko egin duenari buruz hausnar dezan.
Gure arrantzaleak beren ogibiderik gabe geratzen ari diren heinean, zein irtenbide proposatzen dituen jakitea interesgarria irudituko litzaiguke eta arrantzaleek, bizi duten ziurtasunik gabeko egoera honetan, benetan eskertuko lukete Gasteizko erakundeen laguntza.
Ziur nago beste sektore baten inguruan izango balira arazoak, honez gero mugituko zirela irtenbideak aurkitzeko, arrantzaleak jasaten ari diren egoera hau urteetan lehen sektoreak erakunde hauentzat izandako garrantziaren adibide baita. -