- Ustelkeria Calcioan
Moggik erabat ukatu du ustezko ustelkeria
DONOSTIA
Luciano Moggik, Juventuseko zuzendari nagusi ohiak eta Italiako Ligan emaitzetan aurrez adosteko ustezko ustelkeria kasuan dagoen auzipetu nagusiak, erabat ukatu zituen egozten dizkioten delitu guztiak. Gainera, egin izan dituen dei eta harreman guztiak «goikoen biktima» ez izateko bakarrik egin dituela aitortu zuen ia bost ordu iraun zuen Erromako entzuketan.
Italiako zenbait komunikabidek jakinarazi zutenez, Moggik negarrari eutsi ezinik esan zuen «inolako deliturik» ez duela egin, eta mesedez eskatu zuen Alessandro semea kasu berean ikertzen ari direna «bakean uzteko».
Luciano Moggiri egozten dizkioten delituen artean kirol ustelkeria, epaile baten bahiketa eta poliziaren ibilgailu bat erabilera pertsonalerako bideratzea egongo lirateke.
|