- Urrezko Aizkora
Txapartegik agur esan dio lehiaketari
DONOSTIA
Urrezko Aizkorako lehen faseko azkeneko jardunaldia jokatu zuten atzo Karrantzan, eta ez zen inolako ezusterik izan, Nazabalek mendean hartu baitzuen Txapartegi, eta horrela, finalerdietaik at utzi du. Multzo horretan Nazabalek eta Olasagastik egin dute aurrera.
Beraz, finalerdiak erabakita geratu dira. Datorren igandean Leitzan neurtuko dira Nazabal eta Mindegia. Hilaren 28an, Arrospide eta Olasagasti lehiatuko dira, baina oraindik ez dago lekurik zehaztuta.
Atzo, Nazabalek proba guztietan hartu zuen mendean Txapartegi, jokatutako denak bereganatu baitzituen Etxarrikoak. Nazabalek 20 minutu eta 54 segundo behar izan zituen egin beharreko guztiak egiteko, eta Txapartegik, aldiz, 23 minutu eta 20 segundo.
Harri-jasotzaileen proba ere egon zen, eta Izeta II.ak eta Landarbidek irabazi zutenez, finalerdietan dira. Izeta IV.ak eta Irigoienek beste kanporaketa bat jokatu beharko dute. 100eko zilindroari 35 jasoaldi eman zizkion Izeta II.ak, eta sei gutxiago semeak. 200eko errektangularrari bi eman zizkion Landarbidek, eta lau Irigoienek. Gero txanda librean 24 aldiz jaso zuten 113ko kubikoa Izeta II.ak eta Landarbidek, eta bi gutxiago Izeta gazteak eta Aimarrek. Txanda librean, 100 kiloko bolari 30 jasoaldi eman zizkien Aiakoek, eta gazteek, berriz, 26 aldiz berdindu zuten bizkarrean.
|