- Liga Federala
Donibane Lohizunek ez du Pro 2ra igotzerik izango
BAIONA
Beste urteren batean beharko du, Donibane Lohizunek ez baitu aurten Pro 2ra igotzeko txartelik lortuko. Igoera faseko estreinako kanporaketan joan dira kalera lapurtarrak, eta kaleratu diren bezala kaleratzeak min egin die.Lehen zati bikaina egin zuten, eta 0-13 aurretik zirela joan ziren atseden hartzera. Bigarren zatian, ordea, negargarri aritu ziren, eta azkenean 30-19 galdu zuten Bedarridesen aurka Blagnacen jokatutako neurketan. Donibane Lohizunek primeran ekin zion partidari, eta 13. minuturako 10-0 aurreratu zen. Lehenengo Haisagerrek zigor-kolpe bat gauzatu zuen, eta ondoren berak transformatutako entsegua egin zuen Tajerrek. Atsedenera joan aurretik beste hiru puntu gehiago ere lortu zituzten euskaldunek Haisagerreri esker, zigor-kolpea gauzatu baitzuen. Bigarren zatia ere ez zen gaizki hasi lapurtarrentzat, laugarren minutuan Haisagerrek beste zigor-kolpe bat gauzatu baitzuen, eta 15-0ekoa jarri zuen markagailuan. Hortik aurrera, ordea, gorri-berdeek behera egin zuten nabarmen. Bedarrides markagailuan gerturatzen hasi zen, eta 10-15 jarri ziren. Hala ere, Haisagerrek beste zigor bat lortu, eta 10-18 aurretik jarraitzen zuten. Hortik amaierara bitarte zelaian galduta ibili ziren, eta azkenean esku hutsik geratu ziren. Beraz, aurtengoan ere ez baitute Pro 2ra igotzerik lortuko.
Bigarren maila
Bigarren Mailan, hiru dira Lehen Mailarako igoera fasea jokatu behar dutenak, baina Maulek ez du lehen kanporaketa jokatu beharrik izan. Lanean aritu behar izan dutenak Nafarroa eta Bokale izan dira, eta biak hurrengo kanporaketan izango dira. Nafarroak Riberac markagailuan 24-19 zuela menderatu zuen. Horretarako, ordea, asko sufritu behar izan zuten, arauzko denbora bete zenean, 17-19 galtzen ari baitziren.Partidako azkeneko jokaldian, ordea, Gaztanbidek entsegua egin zuen eta Zelanek transformatu. Aurretik, Darritxonek entsegu bat egin zuen, baita bi drop lortu ere. Zelanek bi zigor-kolpe ere egin zituen. Hurrengo asteburuan Sallesen aurka jokatu beharko dute. Bokalek ez zuen izan horrenbeste arazo kanporaketa gainditzeko, eta Figueac 23-6 mendan hartu, eta hurrengo fasean izango da. Horiek horrela, Sarlaten aurka jokatu beharko du. Maulek Castangtekin jokatuko du.
|