«Sotanarekin hasi eta bakeroetan amaitu zuen» bertsogintza aztertu dute Bizkaian
·Amurizak, Iturriagak, Elortzak, Arantza Plazak eta Urtzi Urrutikoetxeak liburu mardula kaleratu dute
Bizkaiko Bertsogintza bildumako hirugarren eta laugarren aleek argia ikusi dute maiatz honetan. Xabier Amurizak sinatzen ditu liburuok, zabalena lan-talde baten barnean. Arantza Plaza, Igor Elortza, Unai Iturriaga eta Urtzi Urrutikoetxea izan ditu bidelagun. Begirada atzera bota eta 1958 eta 1990 urteen artean kokatu dira Bizkaiko bertsogintzaren bilakaera eta protagonistak gurera ekartzeko. Alfonso Irigoienen funtsa oinarrizkoa izan zaie lan hori egiteko.
DURANGO
Xabier Amurizak hasi zuen Bizkaiko bertsogintzari egindako errepasoa gerra aurreko sorkuntzari eskainitako bi libururekin: ‘‘Bizkaiko bertsogintza I: izengabeak’’ eta ‘‘Bizkaiko bertsogintza II: izendunak’’. Izenburu horiek Bizkaiko bertsolaritzarekin harremana duten lehenengo materialak jasotzen dituzte. XX. mende hasiera arteko aroa hartzen dute.Horiek egin eta gero, aspaldi zuen Xabier Amurizak XX. mendeari buruzko lana egiteko asmoa. Aro horretako protagonistetako bat da bertsolari zornotzarra. Horixe izan da proiektu berria taldean egiteko arrazoietako bat. «Liburu honetan agertzen garen gehienak bizirik gaude azaldu du Amurizak. Ez da berdin hilen historia egitea eta bizi direnen historia egitea». Izan ere, lehen eskuko testigantzek betetzen dituzte edizio mardul horretako orrialde asko eta asko.
Lehenengo txapelketatik Bizkaiko txapelketak 1958an jarri ziren martxan. Data hori abiapuntu hartu dute Xabier Amurizak, UnaiIturriagak, Igor Elortzak, Urtzi Urrutikoetxeak eta Arantza Plazak beren ibilbidea egiteko. Eta amaiera non jarri? Zalantzatan izan baziren ere, azkenik amaiera 1992.ean jartzea erabaki zuten. Unai Iturriagaren eta Igor Elortzaren belaunaldia kanpoan uztea pentsatu zuten, horiek «historia» bihurtzeko goizegi dela pentsatu baitzuten.
Egiturari dagokionez, txapelketek lehen atal bat osatzen dute. ‘‘Izenak’’ goiburuak bertsolarien zerrenda gordetzen du. Berrogei bat izen ematen dira, argazki, biografia eta bertsoekin. Bertso eskolek ere badute euren kapitulua. Azken atalean elkarrizketak batu dira: ‘‘Sasoi batekoak’’ doaz lehenik, ‘‘Bertso-eskolen sasoikoak’’ bigarrenik eta “Luze eta zabal’’en mintzatzen dira Xabier Amuriza, Jon Azpillaga, Jon Enbeita, Jon Lopategi, Gregorio Larrañaga Mañukorta, Juan Mugartegi eta Abel Muniategi. Guztira, 734 orrialde dira kolaborazio, elkarrizketa, bertso-sorta eta ehun argazki baino gehiagorekin. Alfonso Irigoienen funtsa iturri nagusi izan da lan-talde horrentzat. Hala ere, ez da bakarra izan: Xenpelar Zentrora, Labayru Ikastegira, Bizkaiko ForuAldundira, ‘‘Zeruko Argia’’ aldizkarira eta beste askotara jo dute informazio bila. Joana Mendiburuk koordinatu duen ‘‘Bizkaiko bertsogintza IV’’rekin batera ‘‘Bizkaiko bertsogintza III. Gerraurreko aurkikuntza barriak’’ kaleratu du Bizkaiko Bertsozale Elkarteak. Batez ere, ‘‘Euzkadi’’ egunkaritik ateratako materialez osatua dago. Hala, Xabier Amurizak aurretik egindako ‘‘Bizkaiko bertsogintza’’ I eta II liburuak osatzera dator. Lan luzea izan da, baina emaitzak oso interesgarriak dira, egileak azaldu duenez. Kopla eta bertso anonimoak bildu ditu, Eustakio Eulea, Bonifazio Latxa, Kirikiño edo Antonio Goitia bertsolarien sorta berriekin eta izen berriekin ere topo egin du: Juan Egileor lekeitiarra eta Esteban Uriarte bermeotarra. Liburuak gaur aurkeztuko dituzte jendaurrean Durangoko Plateruenan.Egileak, proiektuan kolaboratu dutenak eta liburuko protagonistak batuko dituzte. Arratsaldeko 20.00etan izango da hitzordua. Liburuak eskuratzeko Bizkaiko Bertsozale Elkartera jo behar da. ‘‘Bizkaiko bertsogintza IV’’ 30 euroan salduko da eta 10 euroan ‘‘Bizkaiko bertsogintza III’’.
Apunteak
Karmeldarren komentuko
bertsolari egunak
60ko hamarkadan eta lauzpabost urtetan, Pilarika egunez, bertsolari batzarrak egin ziren ezkutuan Markinako Karmeldarren komentuan. Bertsotan egiten zuten, berbaldiak... Frankismoaren ospakizun nagusietako bati muzin egiteko modu bat zen. «¡Pues vaya cantaores de los
cojones!»
Iturri-k oroitzen duenez, euskaraz egiterik ez zegoenean euskaraz aritzen ziren bertsolariak plazetan.Guardia Zibila etortzen zitzaien zer kantatuko zuten galdezka. Aurretik ez zekitela esan eta «¡Pues vaya cantaores de los cojones!» haiek. Kantatzen ez zuenak ordaindu
behar zuen
Juan Ibarzabal Buztarri markinarrak aipatzen duenez, garaiko bertsolariek bertsotan ikasi zuten dirurik ez zutelako, «ze bertsoak kantatzea denek kantatzea izaten zen eta kantatzen ez ebanak ‘koartiloa’ ordaindu behar». Azpillagari eta Lopategiri,
debekua Azpillagak eta Lopategik sasoi batean Bizkaian eta
Gipuzkoan kantatzeko debekua izan zuten. Hala bada, saioak iragartzeko orduan
beste batzuen izenak ematen zituzten, azkenean debekatutako bi bertsolariak
agertuko baziren ere.
|