Berriootxoak amari bidalitako gutunak bildu ditu Labayruk
ELORRIO
Balentin Berriootxoa jaio zeneko 150. urteurrena dela-eta, 1845etik 1859ra idatzi zituen euskarazko hogei gutun argitaratu ditu Labayru ikastegiak. Gutun gehiago ere idatzi omen zituen, baina, egun, horiek bakarrik ezagutzen dira. Gutunen argitalpen berria, faksimilea barne, atzo aurkeztu zuten Berriootxoaren jaioterrian bertan, Elorrion, alegia.
Gutunotatik hemezortzi amari idatzitakoak dira, bat aitari eta beste bat Ocañan ezagutu zuen moja euskaldun bati. Gehienak semeak amari eginiko gutunak izanik, estilo zuzen eta bizia darabil. Ez zuen argitaratzeko asmotan idatzi, amari haren berri emateko baizik, beraz, etxeko hizkera darabil.
Labayruk 1988an ere Berriootxoaren euskarazko gutunen bilduma argitaratu zuen, baina edizio hura agortu egin zen eta santuaren jaiotzaren 150. urteurrenean edizio berritu eta osatu bat atera nahi izan du. Orduko akatsak zuzendu egin ditu eta jatorrizko testuaren ondoan gaurkotua ipini du. Horretaz gain, gutunen faksimileak ere liburuarekin batean argitaratu ditu.
Liburu horretako sarrera eta gutunen edizioa transkripzio jatorrizkoa Roman Berriozabalek egin ditu. Testua gaurkotu eta hizkera berezitasunen azterketa, berriz, Adolfo Arejitak.
Balentin Berriootxoa Elorrion jaio zen 1827an. Bertako moja dominikarren komentuko meza-mutila izanik, han barruratu zitzaion fraile izateko gogoa. Apaiztu egin zen, baina bizitza horrek asebetetzen ez zuela-eta, fraile egin zen gero, hasiera-hasieratik gogoan zuen bezala.
1856an misioetara joan zen. Manilan pixka batean egon ondoren, Tonkinera (Vietnam) joan zen. Handik gutxira, 1958an, bertako gotzain izendatu zuten eta 1861ean, berriz, hil egin zuten. Aita Santuak 1988an izendatu zuen santu.
|