Euskaldunon autoestimurako liburu bat
·«Euskal Herria atzerritarren ahotan» argitaratu du Jose Felix Diaz de Tuestak
Estrabonengandik hasi eta iaz «Un catala entre bascos» argitaratu zuen Toni Strubell bitartean, 120 idazle, politiko eta bidaiari ezagunek euskaldunez esanak bildu ditu «Euskal Herria atzerritarren ahotan» liburuan Jose Felix Diaz de Tuestak. Ongi esanak bakarrik bildu ditu. Izan ere, nolabaiteko helburu «terapeutikoa» du liburuak: batez ere Aznarren garaian indarrean egon zen erasoaren aurrean, euskaldunen autoestimua sustatzea.
DONOSTIA
Azkenaldion, eta batez ere Aznar agintean egon den bitartean, «astobeltzarenak eta bi entzun behar izan ditugu euskal- dunok geure buruari buruz», gogorarazi zuen Joxe Aranzabal irakasleak, KMko atzoko ekitaldian aurkezlearenak egin zituenak. Eraso «aznarita» hori zela-eta, «zenbait euskaldun ere zalantza egiten hasi zen: hain gaiztoak ote gara?».Testuinguru horretan, Jose Felix Diaz de Tuestak Dante, Bocaccio, Cervantes, Shakespeare, Rabelais, Aldous Huxley, Dos Passos, Brecht, Orson Welles, Ruben Dario, Anaďs Nin eta beste hainbat eta hainbat idazle, bidaiari eta politikorengana jo zuen, «laguntza eske». «Orain dela bost bat urte, euskaldunen kontrako sekulako zaparrada izan zen, eta hori somatizatzen nuen nik, negatiboa sentitzen nintzen esan zuen Diaz de Tuestak. Banekien, ordea, gurea herri normal bat dela, gauza onak eta txarrak dituena. Banekien ere gutaz iritzi onak hortik zehar bazeudela, eta biltzen hasi nintzen, betiere euskaldunon autoestimua sustatzea helburu».
Tesirik ez Honela, historian euskaldunoz ongi idatzi duten ehunka pertsona ospetsuren iritziak bildu ditu. Horietatik guztietatik antologia da “Euskal Herria atzerritarren ahotan”. «Bertan, 120 egileren mila bat aipu bildu dut, baina horrelako lau liburu egiteko adina material daukat», ohartarazi zuen Jose Felix Diaz de Tuestak.
Aipuak laburrak dira, gehienez pasarte pare batekoak, eta askotan esaldi bakarrekoak. Denetatik dago. Batzuk euskaldunekin zerikusirik duten literatur aipuak dira; beste batzuk, aldiz, bidaiarien iritziak. Iruzkinik gabe ematen ditu Diaz de Tuestak. «Izan ere, liburuak ez du tesirik. Gutaz gauza onak esan direla nabarmendu nahi izan dut, baina gero nolakoak esan diren bestelako kontua da. Badaude antzeko bildumak, baina gehienak iruzkinduak, tesi bat frogatu nahian; esaterako, erromantikoek nola ikusi zuten Euskal Herria. Nire bilduma, berriz, materiala da, norberak bere tesia egin dezan». Bilduma euskaraz dago Diaz de Tuestak berak eta Diego Martiartuk itzulita eta, alde horretatik, originala da.«Herri batek aurrera egin behar badu esan zuen Aranzabalek, gutxienezko autoestimua behar du. Badakigu ez garela aingerutxoak, eta batzuetan barre egiten dugu begi erromantikoegiekin begiratu gaituzten zenbaiten idatziekin. Baina bilduma hau ez da apologia itsua, autoestimu razio bat baizik».
Jose Felix Diaz de Tuestaren laginaren lagina
Diaz de Tuestak bildu duen materialaren lagin bat baino ez da “Euskal Herria atzerritarren ahotan”. Halaber, lagin horren lagina baino ez da ondokoa.Dante - «Bai zorionekoa Nafarroa, inguratzen duen mendiarekin defendatuko balitz!». Boccaccio - «Baina hango (Euskal Herriko) plazer guztietan gorena emakume ederrak dira». Andrea Navaggiero - «Herrialde honetako jendea oso alaia da, espainiarren guztiz kontrakoa... Euskaldunak beti ari dira barrezka, txantxetan eta dantzan». Pedro de Medina - «Euskal probintzia hauetako jendea, oso liberala eta adiskidetsua izateaz gain, baketsuagoa da Espainiako beste jendea baino. Berez da alaia eta barea jende hau, oso arina eta borrokarako ona». Montaigne - «Euskaldunak hain bizi ziren zoriontsu antzinatik, ezen inongo epailerik ezin baitzen haien auzietan sartu, ez eta inongo kanpotarrik haien eztabaidak baretzera sartu ere... Belaunaldiz belaunaldi gurasoek seme-alabei emandako gobernu modu propioak zituzten, euren ohiturei kalte egiten ez zieten bitartean onartzen zituztenak». Shakespeare - «Nafarroa miragarri izango da munduarentzat». Voltaire - «(Euskaldunak) nekaezinak dira, ausartak eta alaiak eta oso gustura geratuko zarete beraiekin». Jose Cadalso - «Bai, begi bistakoa da kantabriarrak, izen horren pean bizkaiera egiten duten guztiak sartuta, tolesgabeak eta zintzoak direla (...) Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroaren artekoan hain da itun sendoa, ezen batzuek herrialde horiei Espainiako probintzia batuak deitzen dieten». Victor Hugo - «Euskaldunak ez dira ez espainiar ez frantziar, euskaldun baizik». George Borrow - «Ez dago mundu osoan euskaldunak baino herri harroagorik, baina eurena halako errepublikar harrotasun bat da. Euren artean ez dago noblerik eta ez dute inor beste inor baino gehiagotzat joko». Jean Louis Armand de Quatrefages - «Behatzaile txarrenari ere atentzioa emango diote emakumeen itxura erregular eta aldi berean bizia... eta edertasun puntu hori, hain ezohikoa dena, halako grazia eta noblezia ematen dizkiona emakume nekazariari, eta dukesa batek baino gehiagok beretzat nahiko lukeena». Lichnowski printzea - «Euskaldunengan uztartzen dira jakitasun aristokratiko nabari bat eta errepublikar askatasun ideia zenbait, eta klase xeheenetan ere beste inon ikusi ez dudan gizabidea aurkitu dut». Ruben Dario - «Euskaldun elastikoak, antzinako sustraiez eginak». Anaďs Nin - «Euskaldunaren zakilari hitz eginez gero, hark erantzun egiten zuen». Marcos komandanteordea - «‘Dignidad’ euskaraz nola esaten den bilatzen hasi eta hiztegi zapatistan zera jartzen du: ‘Euskal Herria’».
|