ZARAUTZ
Jesse Davis saxofoi-jotzailea izango da uztailaren 24tik 29ra bitartean egingo den Zarauzko Nazioarteko VII. JazzMintegira gonbidaturiko artista. Euskadiko udako jazzaldien hitzordu handien artean kokatua, Iñaki Salvador izango da beste behin ere mintegia zuzenduko duena, eta aurten ere bere ohiko egiturari eutsiko dio, ikasgeletako teoria eta praktika kaleko kontzertuekin uztartuz.
Aurtengo edizioan bi mailatan banatutako ikastaroak (hastapenak eta erdi-maila, eta aurreratua), Hari Instrumentuentzako Musika moderno eta Inprobisazio lantegia, Jazz Konposizioa eta Jazz Moldaketa eta Jazz Akordeoia ikastaroak antolatu dituzte.
Zarauzko Jazz Mintegiak nazioartean ospe handia duen izar bat gonbidatzen du urtero. Aurtengo udan, antolakuntzak Jesse Davis saxofoi-jotzailea gonbidatu nahi izan du, eta bere esku egongo da maila aurreratuan saxofoi klaseak ematearen ardura. New Orleansen jaio zen 1965ean, eta Marsalis familiak eta Ameriketako Estatu Batuetako hegoaldeko hiri handi horretako musikariek sortutako tradizioaren jarraitzaileetariko bat da. Davisek hainbat sari jaso ditu eta adituek bere akatsik gabeko teknika eta bluesarekiko interpretazio guztietan erakusten duen berezko afinitatea nabarmentzen dute, baita bere musika «neo bop» gisakoa deskribatu ere.
Alderdi akademikoaz gain, Zarauzko Nazioarteko Mintegiak ahaleginak egiten ditu jazza publiko guztiengana gerturatzeko. Hala, gauetan hainbat kontzertu eskainiko dituzte Munoan ipinitako karpan, eta hortxe hartuko dute parte, besteak beste, Mikel Andueza Superquintetek eta Gizarte Arazoetako Ministerioko Gazteria Institutuak (INJUVE) babesturik etorriko diren musika talde gazteek.
Oraindik programazioa erabat biribildua ez baldin badago ere, Jesse Davisek uztailaren 27an kontzertua eskainiko
duela aurrera daiteke. Mintegiko beste hiru irakaslerekin batera emango du, hau da, Jorge Rossy, Tom Warburton eta Ben Besiakovekin batera.
Bestalde, Zarauzko Udalaren sinadurarekin diruz lagundutako sei beka eskaintzen dira beste hainbeste zarauztarrentzat. Laugarren urtez jarraian, Mintegia Musikene Goi Mailako Musika Ikastegiaren lankidetza teknikoarekin eta artistikoarekin egiten da.