Zaila da eskolarik gabeko herria irudikatzea. Ikastetxe hauek duten berezitasun edota ezaugarri nagusia ikasle gutxi izatea da. Taldeak egiteko orduan adin bereko ikasle nahikorik ez dagoenez gero, gela berean adin desberdinetako ikasleak izaten dira.
Herri txikietako eskolen kontra erabili izan diren argumentu nagusiak hezkuntza kalitatearekin eta ekonomiarekin loturikoak dira.
Alde batetik, kalitatearen inguruan planteatzen den kezka nagusia da ikasleen aniztasuna, hau da, nola moldatu gela barruan adin desberdineko ikasleekin ikaste-prozesu egokia lortu ahal izateko. Gaur egungo eskolan talde lanaz, pedagogia aktiboaz, balioez eta aniztasunaz hitz egiten da. Horretan oinarrituta, eskola txikia eskola modernoa da. Ikaste-prozesuan aniztasunak aberastasuna dakar eta ez da oztopo bezala ikusi behar.
Askotan familiak arduratuta egoten dira euren seme-alabek eskola txikietan ikasten dutelako, batzuen iritziz, horrek eragina izan dezakeelako etorkizunean sozializatzeko izango duten gaitasunean. Uste hori saihestu behar da, arlo horri dagokionez, eskola txikiek gainontzeko eskolek izaten dituzten lorpenak izaten baitituzte. Batzuek eskolaren kalitatea tamainaren arabera neurtzen dute, baina eskolaren kalitateak ez dauka tamainarekin zerikusirik.
Eskola txikietan ematen den egoera naturalaren ondorioz, ume helduenek naturaltasun han- diz hartzen dute ume txikiak zaintzeko, gidatzeko eta babesteko ardura, garai bateko senide ugariko familietan neba- arreba txikiagoei ematen zitzaien arreta berberarekin. Haur txikiek, helduen ereduak jarraituta, haien arteko harremanak eta jokoak ahalbideratzeko, erabili behar dituzten mekanismo guztiak martxan jartzen dituzte, gaitasunak sakontzen dituzte, eta aurrera egiteko aukera gehiago izaten dute. Eskola txikietan ere nagusienek gazteei erakusten dietenez, gaiak azaltzeak eskatzen die, nagusiei, edukiak hobeto menderatzea.
Beste alde batetik, haurra non egongo da hobeto, bere ikasle bizitzako lehen urteetan, bere ingurunean bertan baino?
Guztiontzat, eta haurrentzat ere, garrantzitsua da, bere ezagutza eta nortasuna gertuko erreferentzien barnean garatzea. Beraz, ikasle asko ez izateak, gorago aipatu den moduan, ongi baino hobeto osatzen du eguneroko ariketa hezitzaile eta aberasgarria.
Urte askoko esperientziak baieztatzen digu hamabi urterekin, hurrengo eskolara iristean, haur horiek ez dutela inolako arazorik iza- ten lagunekin bizikidetza oparoa gauzatzeko, edo beste esparruetan bizi eta hezitako haurren mailako emaitzak lortzeko.
Urteekin eskolen egoera nabarmen hobetu da, prestigioa lortu dute eta zerbitzu berriak zabaldu dituzte. Eskola desberdinetako irakasleen arteko harremanak sendotu egin dira, baita ikasleen artekoak ere. Komunikazio teknologia berriek aldaketa asko bideratu dituzte eskoletan.
Espezializazioari eta hornikuntzari lotuta egon daitekeen kezka ere uxatu beharra dago. Eskola handietan bezala, eskola txikietan espezialistak berdin-berdin daude: musikakoa, ingelesekoa, hezkuntza fisikokoa, aholkularia, laguntzailea, etorkinen hizkuntza indartzeko irakaslea, logopeda, heziketa bereziko irakaslea eta abar.
Hornikuntzari dagokionez, eskola handiekin konparatuta, ez dago alde handirik. Eskola txikietan baliabide gutxiago dagoen arren, horiek erabiltzeko aukera gehi- ago ere badago jantokiak antolatzen, garraio egokiak bilatzen, haurtzaindegiak moldatzen eta eskolaz kanpoko jarduerak bultzatzen gabiltza etengabe eskola txikietan. Eskola txikie- tako estamentu artean ematen den hurbiltasunagatik, edota hobeto esanda, ematen den aditasun zuzenagatik, sortzen diren harremanengatik, haurren aniztasunari eman ahal zaion trataeragatik, erabiltzen diren didaktika aurrerakoiengatik eta abar eskola horiek kalitate handikoak direla esan daiteke.
Gure ikastetxeak guztiz integraturik daude herriko bizitzan; ume, guraso eta herritarren artean harreman estuak sortu dira. Horretara- ko urte osoan hainbat ekitaldi, ospakizun eta jaialdi egiten dira: Gabonak, Inauteriak, lehiaketak, proiektuak, irte-erak elkarrekin, jolas kooperatiboak eta abar. Eskola txikikoentzat gure arteko elkarlana ezinbestekoa da; horregatik Busturialdeko Eskola Txikien Jaialdia garrantzitsua da, eta horren antolakuntzari irrikaz ekingo diogu, urte askotan jarraipena izan dezan.
Hona hemen gure bertsoa (“Mutil koxkor bat” doinuan): Busturialdeko neska-mutilak/ gabiltza ikasi nahirik/ horretarako gure ahaleginak/ sarri ez daude alperrik/ famili giro gure artean/ adin guztiak nahasirik/ herri hauetan eskola barik/ ez dago ezer eginik/ eskola txiki zabalik eta/ herri txikiak bizirik/ eskola txiki zabalik eta/ herri txikiak bizirik. -
(*) Eskola txikien II. Jaialdia antolatu duten Arteagako Montorreko, Busturialdeko J.M. Uzelaiko, Muxikako Urretxindorrako eta Mundakako Ikastetxe Publiko- ko zuzendarien izenean. Halaber, lau eskola horietako irakasleek sinatzen dute.