Donostiako Udalari ilegalizazioa sala dezala eskatu diote
·Baga Bogak erakunde adierazpen bat bere egin dezan proposatu dio alkateari
Datorren astean hiru urte beteko dira «apartheid» politikoa abiatu zutenetik, eta herri ugarik protesta ekimenak eginda salatuko du urtemuga. Donostian, adibidez, Baga Bogak erakunde adierazpen bat bere egin dezala exijituko dio Udalari, eskubide zibil eta politikoen alde betiere.
DONOSTIA
Hilaren 30eko udalbatzari begira, iragan astean Baga Bogak Odon Elortza alkateari erakunde adierazpen bat proposatu zion, eta hura aztertu eta onar dezala eskatu. Adierazpen baten bitartez gogorarazi zuen: «Azken hileotan bizi dugun egoera politiko itxaropentsu honetan, Euskal Herriko eragile politiko, sindikal, instituzional eta sozial guztiok inoiz baino ardura handiagoa daukagu». «Eskubide zibil eta politikoen ukazioak» bere horretan jarraitzen duela salatu eta hauxe aipatu zuen: «Ehunka dira oraindik herritarren borondatea ukatuz osatuak izan eta jardunean jarraitzen duten udalak; ehunka dira zilegitasun demokratikorik gabe kargu instituzionalak betetzen diharduten alkate, zinegotzi eta foru hautetsiak. Era berean, ehunka dira hautetsi izateko eskubidea ukatua dutenak eta milaka hautatzeko eskubidea urratu zaien euskal herritarrak». Nolanahi ere, Baga Boga plataformak nabarmendu zuen azkeneko hiru urteotan, «ukazio zurrunbilo» honetan guztian, ehun hautetsik baino gehiagok ez zegokien karguari uko egin diotela. Eta, gogorarazi zuen herritarren gehiengo zabalak, gerorako utzi gabe, ukazio hau gainditzeko exijitzen duela. Ilegalizazioa, hain zuzen, «gainditu beharreko oztopotzat» jotzen du plataformak, «bidetik kendu behar den oztopoa». Eta, hala, erakunde adierazpenean, oinarri zehatzak bere egin ditzala eskatzen dio Udalari.
Eskubideen alde Euskal Herrian eskubide zibil eta politikoak errespetatzeko galdegin eta sortu den egoera politikoa sendotzeko eskubide horien aldeko urratsak egitea ezinbestekotzat jo dezala eskatu dio. Gainera, eskubideen urraketa hori «larria» denez gero, PSOEren Gobernuari ilegalizazioa bertan behera uzteko galdegin diezaiola eskatu dio.
Azkenik, ilegalizazioaren ondorioz udal hauteskundeetan «herritarren babesa jaso zuten hautatuei eskubideak errespeta» diezaieten urratsak egiteko konpromisoa har dezala eskatu dio; instituzio izanik, egoerak eskatzen dion mailan egoteak herritarren borondatea errespetatzera behartzen diolako, esan zuenez.Erakunde ekimena «zapuzten saiatzen direnei» testu honekin ados ez daudela esateko exijituko die Baga Bogak, eta «apartheid»ari eustea eta prozesu politikoaren alde egotea «uztartu ezinezko elementuak» direla argi utzi du.
|