Euskarak aurrera egin dezan, Burilloren dimisioa eskatuko du IAk biharko greban
Bihar greba eguna da Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP), eta berriro euskaraz ikasteko oztopoak dira gakoa. Aurreko astean 30 orduko itxialdia egin zuten ikasleek Errektoretzan Pedro Burillo buru duen taldeak aurrerapauso nahikorik eman ez duela salatzeko. Horrek ere ondoriorik ez duela izan ikusita, errektorearen dimisioa exijituko dute.
IRUÑEA
Euskararen afera gatazka iturri da berriro NUPen. Karguan hiru urte egin ondoren Pedro Burillo buru duen taldeak ez duela ezer konpondu ondorioztatu dute ikasleek. Hori dela-eta, apirilean euskaraz ikasi eta bizitzeko dinamika berria ireki zuten ikasleek, kanpaldi baten bidez. Orduan eskaera egin zioten errektoreari, euskararen aldeko plangintza onar zezan eta beharreko baliabideak bidera zitzan. Erantzuteko epea eman zioten, baina ez zuten berririk izan, ez orduan ez eta bi aste pasatu ondoren ere. Ondorioz, joan den asteko itxialdia egitea erabaki zuten, Errektoretzan.
Bertan 30 orduz itxita egon baziren ere, Burillorekin bilerarik egitea ezinezko egin zitzaiela nabarmendu zuten ikasle horiek atzo eskainitako pren- tsaurrekoan. «Errektoreordea bidali zuen, itxurak egiteko, baina guk berarekin hitz egin nahi genuen», azaldu zuten. Hori dela-eta, beste aurrerapauso bat emango dute bihar: greba baten bidez Burilloren dimisioa eskatuko dute.
Aldarrikapen hori agerikoa da campusean. Atzo, agerraldia egin zuten bertan, eta errektoreak kargua uztearen aldeko aldarrikapenak nonahi ikus zitezkeen. Patxi Reik eta Azaitz Garziak honakoa nabarmendu zuten: «Errektore hau ez dugu behar. Hiru urte hauetan adaba- kiak baino ez ditu jarri;guk adabaki horiek ontzat jo ditzakegu helburua benetan unibertsitatea elebiduna izatea bada, baina ez da horrelakorik gertatu;adabakiak dira helburua eta hori ez dugu onartzen».
Azaitz Garziak gaineratu zuenez, NUPen dagoena «ez da egoera bakartua». Euskal Herriko unibertsitateetan euskarak egun duen egoera «lotsagarritzat» jo zuen, eta hori kon- pontzeko bidean «iruzur» baino ez dutela egiten esan zuen. Gainera, euskaldunen aldarrikapenen aurrean erantzun bakarra errepresioa dela aipatu zuen.
Europatik bultzatu nahi duten unibertsitateak homogeneizatzeko Bologna prozesua ere euskararen kalterako izango dela ekarri zuen gogora berriro ere Garziak. «Nondik datorren ez dakigun tren bat hartzera behartzen gaituzte. Prozesua ezkutatzen dute, baina euskaraz ikastea zailago egingo du», nabarmendu zuen. Eta ikasleen eskubideak ere murriztuko dituela aurrez ikusi zuen.
NUPen greba izango da bihar, beraz, 11.30 aldera manifestazioa abiatuko da campusetik, euskararen aldeko eta Burilloren aurkako protesta zabaltzeko asmoz. Eta Euskal Herriko gainerako fakultateetan ere horren alde egingo dute.
|