Kontseilu Nagusiak energia berriztagarriak bultzatuko ditu
BAIONA
Pirinio Atlantikoetako Departamenduko presidente Jean-Jacques Lasserrek atzo aurkeztu zuen Baionan ostiralean Departamenduko Batzarrean izango den energia berriztagarrien saioan bere gobernuak aurkeztuko duen proposamena. Departamenduaren ekimenak bi ardatzetan oinarrituko dira: energia aurreztea eta energia berriztagarrien produkzioa bultzatzea. Ardatz horiek aurrera eramateko bi politika bideratuko ditu: neurriak agintaritzak proposatzea eta ekintza berritzaile edo esperimentalak laguntzea.
Departamenduan oso hedatua dagoen hidro-energiaz gain, beste hiru eremutara zabaldu nahi du Kontseilu Nagusiko agintaritzak energia berriztagarrien produkzioa. Eguzki-energia, egur eta bio-erregaien ekoizpena izango dira eremu nagusiak. Azken hori garatzeko, Lacqen AB Bioenergie France egiten ari den zentro bati 2 milioi euroko diru-laguntza eman dio. 2010ean Biarnon dagoen Lacqeko zentroak 180.000 tona ekoizteko gaitasuna izango du. Geotermia edo itsasaldiak baliatzeko egitasmoak ere aztertuko ditu departamenduak. Hego Euskal Herrian oso garatua dagoen energia eolikoari buruz, argiki adierazi zuten ez dutela epe motzean garatzeko asmorik.
Energia aurrezteko, lehenik eta behin, beren egituretara mugatzen saiatuko dira, bai administrazioaren egoitzetan, baita garraioan ere. Materia berritzaileen ikerkuntza ere bultzatuko dutela aipatu zuten. Bestalde, Kontseilu Nagusiko lankideak eta elkarlanean ari diren erakundeak energia aurreztera bultzatzen saiatuko dira.
Pirinio Atlantikoetako energia kontsumoari dagokionez, 2004. urtean 1.300.000 petrolio tonaren energia baliokide erabili ziren; garraioa ez dute kontuan hartu datu horretan. Energiaren %44k gas naturala izan du jatorri, eta %31k, berriz, energia elektrikoa. Etxebizitzan, petrolioaren baliokide diren 450.000 tona energia erabili zuten, eta urte horretan %1,1ko igoera izan zen. Industriak baliatu zuen energia handien; 580.000 petrolio tonaren energia baliokidea, hain zuzen ere. %3ko igoera izan zuen.
|