«Orain Olatzagutiako errauste planta gelditzea tokatzen da»
Asparrena-Donemiliaga industrialderako aurrez ikusita zegoen Ecofuel-en proiektua gelditu ondoren, aurrerantzean Olatzagutian ezarri nahi duten errausteko plantaren aurka lan egingo dutela adierazi zuten atzo Lautadako eta Sakanako herri plataformetako kideek. «Herri mobilizazioaren eta presioaren» bidetik joko dutela jakinarazi zuten.
GASTEIZ
Lehenik eta behin, Ecofuel-en proiektu polemikoaren inguruan sortu den egoera berria dela-eta, «pozik» daudela azaldu nahi izan zuten Lautadako eta Sakanako herri plataformek. Eskualdean izan den herri oposizioa onartu dute eta, ondorioz, enpresak Asparrena-Donemiliago industrialdean jarri nahi zuen plantari uko egin dio. Haien ustez, kalte-ordainak eskuratzeko zabaldu nahi duen eztabaida prozesuak «atzeraezin» bihurtzen du erabakia.«Herri mobilizazio eta presioek» eragindako gelditzearen ostean, hemendik aurrera Portland-ek Olatzagutian egin nahi duen errauste-planta bertan behera uztea egokitzen dela nabarmendu zuten. Ecofuel eta Portland proiektu bereko «piezak» direla aipatu zuten, eta, horregatik, aurkako «borroka bakarra» izango balitz bezala hartzen dutela nabarmendu zuten Sakanako eta Lautadako herri plataformek. Alde horretatik, «oraindik egiteko asko» dutela eta «herri mobilizazioaren eta presioaren» bidetik jarraituko dutela aditzera eman zuten, herritarren borondatea eta osasun eskubideak «errespetatu arte eta geroa erabakitzeko eskubidea lortu arte». Mementoz, errauste plantaren kontrako 750 sinadura bildu dituzte Olatzagutian. Datozen egunetan, bestelako ekimenak antolatzeko bilduko direla gaineratu zuten.
Antiaren jarrera «harroputza»
Ecofuel-en prozesuan, batzuk enpresaren alde jarri izana arbuiatu zuten plataformek. Adibide gisa, Olatzagutiako CIO, UPN eta Asparrenako alkatea (EA) jarri zituzten. Azkenaren jarrera «harroputz eta erasotzailea» salatu zuten bereziki. Amaitu aurretik, beharrezko jo zuten «fase berri bat irekitzea» Lautada eta Sakanako herrien garapena aztertzeko. Horretarako, «parte-hartzea bul- tzatzen duen demokraziaren» alde egin zuten plataformek.
Interenvases-en salaketa
M.B.
ARAIA «Oso positibotzat» jo zuen Asparrena Batera-ko kide Jon Andoni Delgadok Interenvases enpresaren aurka Eguzkik aurkeztu berri duen salaketa. Gogorarazi zuenez, salatutako enpresa zabaldu zutenetik ingurumen «arazoak» eman ari da. Joan den apirilaren 19an eztanda egin eta ondoren sutea gertatu zenean, Asparrenako Ametzagako presidenteak berak deitu behar izan zien suhiltzaileei, sua etxeetara irits zitekeen beldur. Delgadok azaldu zuenez, bertako arduradunak azalpenak eskatu zizkion ondoren deia egiteagatik. Asparrenako Udalari Interenvases enpresa iker dezala eskatu diola jakinarazi zuen.
|