Udarako eskaintza zabala euskara elkarteena
·Orotara, 4.500 haur eta gaztek eta 500 hezitzailek parte hartuko dute
Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak udarako elkarteen eskaintza aurkeztu du. Orotara, 4.500 haur eta gaztek parte hartuko dute 20 udalerritan. Eskaintza osoa dela adierazi dute. Gurasoei zuzendu zaizkie eta udako ekintzen hautua «jolasa baino gehiago» dela esan diete.
DONOSTIA
Uda gainean dagoela-eta, Topagunea Euskal Elkarteen Federazioko elkarteek sasoi horretarako prestatu duten eskaintza aurkeztu dute. Atzoko aurkezpenean adierazi zutenez, «udaz gozatzeko haimaika arrazoi eta mila aukera» daude, eta horixe bera dute aurtengo eskaintzaren leloa.
Txatxilipurdi elkarteko idazkari Elena Errartek aditzera eman zuenez, euren eskaintzak ezaugarri propioak ditu. Azaldu zutenez, eskaintza planifikatua, jarraitua, herritartasunean oinarritua, sormenezkoa, malgua, kalitatezkoa, askotarikoa, eredu integratzailea duena eta parte-hartzea bultzatzen duena, aukera berdintasunean oinarritua, tokian tokikoa eta euskararen eremu osora zuzendutakoa da.
Aukera zabala izango dela ere esan zuen Ttakun kultur elkarteko Aisia Saileko arduradun Saioa Larruskainek. «Hainbat udaleku mota daude», zehaztu zuten. Hala, egunaren buruan garatuko diren udaleku irekiak, kanpaldiak edota udaleku ibiltariak daude aukeran. Hori guztia 2-17 urte bitarteko haur eta gazteentzat. «Arrakastarik handiena 6 eta 11 urte bitartekoan artean izaten da, baina, hala ere, gero eta 2 eta 5 urte bitarteko haurgehiagok parte hartzen dute. Helduenek, berriz, abenturazko ekintzak dituzte gogoko», zehaztu zuen.
Udalekuetan 4.200 haurrek, 300 gaztek eta 500 hezitzailek parte hartuko dute eta Euskal Herriko 20 herritan izango dira: Algortan, Aulestin, Basaurin, Deustuan, Durangon, Getxon, Iurretan, Arrasaten, Bergaran, Elgoibarren, Hondarribian, Irunen, Hendaian, Lasarte-Orian, Oñatin, Ordizian, Orion, Urretxun, Zumarragan, Atarrabian eta Burlatan. Topagunea euskara elkar- tearen federazioan edo elkarte bakoitzeko egoitzan izango da izena emateko aukera.
Topaguneko Sonia Perez Anguerak udako ekintzen hautua «jolasa baino gehiago» dela esan zuen, eta aukerarik egokiena egiteko ezaugarri guztiak kontuan izateko gomendatu zuten, 1987az geroztik eskaintza hobetuz ari direla gogoraraztearekin batera.
|