Gizartean dagoen aniztasuna euskaratzeko saioa
Iragan ostiralean aurkeztu zuten Iruñean «Elkarren gustukoak gara» liburua, gizartean orain arte presente egon diren eta dauden ereduetako batzuk apurtzeko asmoz jaioa. Kattalingorri elkartearen ekimenez egindako itzulpen hori salgai dago Euskal Herriko liburu dendetan. Eskolan eta etxean lantzeko egokia dela nabarmendu dute.
IRUÑEA
Valentziako Tandem argitaletxeak, Kattalingorri elkartearen ekimenez, “Elkarren gustukoak gara” liburua kaleratu du, 2004an argitaratutako “Nos gustamos/ems agradem”en euskarazko itzulpena. Lan horren helburu nagusia da batez ere gazteei baina ez bakarrik haiei erakustea gaur egungo gizartean zer-nolako aniztasuna aurki dezakegun jende, gustu eta bikoteei dagokienez.
Hogeita hamar bat orriko eta argazki asko eta handiz hornitutako liburuxka ulerterraz horren bereziki gazteei zuzendua 400 ale jarri dituzte salgai. Liburuak egunerokotasunean ikus ditzakegun hainbat eta hainbat bikote eta jende mota aurkezten dizkigu. «Ez denok buruan dugun bikote prototipikoa: mutil guapoa eta neska polita», azaldu zigun Kattalingorri elkarteko Iñigok. Geure buruetan bizirik dauden eredu ohikoenak hautsi nahi dira liburu horren bidez, eta horretarako, gizartean dagoen aniztasuna azaleratu eta denen bistara jartzen du: bi gizonezkok osaturiko bikotea, bi emakumezkok osatua, neska txiki batek eta gizon bulartsu batek osatua, aldi berean mutilak eta neskak gogoko dituen pertsona bat, eta beste. «Honekin aniztasuna erakutsi nahi dut, gaur egungo ume eta gaztetxoek euren buruak apur bat islatuta ikustea», adierazi zuen Nafarroako lesbiana, gai, bisexual eta transexualentzako argibide bulegoko kide horrek.
Haren esanetan, liburua bereziki gomendagarria da 12-14 urteko gaztetxoentzat. «Euren sexualitatea deskubritzen hasten direnean eta konturatzen direnean telebistan agertzen diren moldeetan edo denok ezagutzen dugun familia ereduan ez dutela lekurik, arazo larriak sortu ohi zaizkie», jakinarazi zuen.
Horrekin sufritzen dena ere gogorarazi zuen. «Ez eurek arazo bat dutelako, baizik eta gizartea dagoen bezala dagoelako, diskriminazioa sortzen da eta jende askok oso gaizki pasatzen du», nabarmendu zuen Iñigok. Ingurukoekiko bere burua ezberdin sentitzen duen horrek bere burua liburuan islatuta ikusten badu, ordea, lasaituagoa sentitzen dela gaineratu zuen Iñigok.
Hezkuntzan eragiteko baliabide egokia
IRUÑEA Arazo «serio» horri aurre egiteko, hezkuntzan eragin behar dela adierazi zuen Kattalingorriko kideak, eta horretarako oso material egokia dela azaldu zuen: «Bai gurasoek seme-alabekin lantzeko, baina baita eskoletan lantzeko ere». Homosexualitatea lantzeaz gain, bulimia, anorexia eta droga-mendekotasuna lantzeko ere oso gomendagarria den materiala dela ziurtatu zuen Iñigok. Haren ustez, gehiegi landu ez den gaia da liburuarena: «Badaude argitalpenak honen inguruan, baina, azken finean, gaiari zuzenki heltzen ez diotenak». Jatorrizko lana 2004an gaztelaniaz eta katalanez argitaratua, Juan Olobera «Juanolo» idazleak egina da bertako gai eta lesbianen guraso elkarteak (AMPGIL) eskatuta. Oso harrera ona izan du Iñigok azaldu digunez, eta Kataluniako eta Bartzelonako liburutegi zerbitzuek eta Generalitateko Hezkuntza Departamentuak ere eskuratu dute. Euskararako itzulpena Kattalingorriko kideek bideratu dute, eta ondorengo zabaltzea ere berek egingo dute; Iñigok dioenez zenbat eta sektore zabalagora iritsi, orduan eta hobeto.
|