Eraikin berria eskatuko dute bihar Karmelo ikastolarako
BILBO
Bilboko Karmelo ikastolako haurren gurasoak kalera aterako dira bihar euren seme-alabentzat zentro berri bat behingoz eraiki dezaten eskatzera. 17.00etatik aurrera «kalejira zaratatsua» egingo dute Santutxun barrena, Bilboko Udalak eta Lakuako Gobernuak eginiko azken eskaintza, «funsgabea» salatzeko.
Karmelo ikastetxea pribatu izatetik sare publikora aldatutakoan hasi ziren ikastetxe honetako arazoak, eraikinak ez baitzituen betetzen oinarrizko neurriak. Hori dela-eta, aipatutako bi erakundeek 2003ko martxoan ikastetxe berri bat eraikitzeko akordioa sinatu zuten, non zehazten zuten bi eraikin egingo zituztela bata lehen hezkuntzarako eta bestea bigarrenerako Mina del Morro inguruan. Baina proiektuaren kostua mila milioi handiagotzeak eragin zuen egitasmo guztia «ezbaian ipintzea».
Hainbat hilabete igaro arren, lehen hezkuntzako eraikin bat baino ez diete hitz eman Udalak eta Lakuak, eta beraz, Karmelo ikastetxeko haurren gurasoek hainbat mobilizazio deitu dituzte datozen egunetarako, lehendabizikoa, bihar 17.00etan egingo duten kalejira.
Bestetik, Bilboko Abando auzoko Cervantes ikastetxeko haurren gurasoak ere ordu berean mobilizatuko dira ikasleentzako kanpo-patio bat aldarrikatzeko.
|