Bidasoa euskaraz jantziko duen Antxetaren besta
·Ostiralean hasi eta igandean bukatuko da Hendaiako irratiak antolatu duen jaia
Txingudiko badian zehar uhin bitartez emititzen duen Antxeta Irratiak «Bidasoan Euskaraz» besta antolatu du asteburu honetarako. Patxi Perez eta Tapia eta Leturia izanen dira, besteren artean, giroa berotzen. Irratiak apirilean izan ziren uholdeengatik laguntza eskatu du.
HENDAIA
«Bidasoan Euskaraz» bigarren urtez antolatu du Antxeta Irratiak, Euskal Irratien parte denak. Komunikabideko koordinatzaile Juan Etxenikek asteburu honetan Pausuan eta Behobian antolatuko dituzten ekitaldietara jendea ongi pasatzera gonbidatzen dutela adierazi zuen, baina, aldi berean, euskaltzaleei laguntzeko deialdia egiten zien. Deialdiaren arrazoia joan den hilabetean irratian izan ziren uholdeak dira.
Jaiari hasiera emateko, ostiralerako Tapia eta Leturiaren kontzertua antolatu du irratiak Pausuko aparkaleku estalian. «Bidasoan euskaraz» aurkezteko Irunen egin zuten prentsaurrekoan Joseba Tapiak Bidasoaren bi aldeak dantzan jarri nahi dituela baieztatu zuen, bai eta bestaren arimarekin bat egin ere.
Larunbatean, euskal joko zaharrak eraberrituta aurkeztuko ditu Xiba elkarteak Behobiako auzoan, gazte eta haurrentzat. Arratsaldeko seietan Txingudi bailarako 10 elkarteren laguntza izan duen ardo dastatzea izango da. Gauean, Xaia ostatuan, paella-dastatzea antolatu dute, eta besta egiteko gogoa dutenentzat Elatzeta elkarteak Landetxan antolatu duen rock kontzerturako deialdia egin du «Bidasoan Euskaraz»ek.
Igande goizean sukaldaritza eta pala txapelketa izanen dira, norberak gustukoena aukera dezan. Arratsaldean, Patxi Perez izango da munduko dantzak erakusten. Beste kulturetako dantzen bitartez mundu guztia animatuko dutela baieztatu zuen Perezek atzo, Irunen.
|