«Euskal egutegiaren alde egiteko unea da orain»
BILBO
«Inposaketaren egutegiari ez» eta «euskal egutegiari bai» esateko deia «lau haizeetara» zabaltzeko agerraldia izan zen atzo, Bilbon. 2005-2006ko ikasturtean Euskal Herriak Bere Eskolak (EHBE)bultzatuta, eta LAB, Sortzen-Ikasbastuaz eta IAren babesarekin, euskal egutegiaren aldeko ekimena egin zuten Lea-Artibain. Hainbat ikastetxetan, espainolari ezetz esan zioten eta euskal egutegiaren aldeko aldarrikapena egin zuten. Are gehiago, «inposaketa eta oztopo guztien gainetik» sei ikastetxeok ireki zituzten ateak ofizialki abenduaren 6an: Aulestiko Urregarai herri eskola, Etxebarriko Manuela Zubizarreta, Lekeitioko Azkue ikastola, Markinako Lea-Artibai tecnic, Ondarroako Zubizahar ikastola eta Amorotoko herri eskola. Horiek hala, horietako zenbait ikastetxetako kideak aritu ziren atzo prentsaurrekoan, eta alboan izan zituztenbabesa ematen Sortzen Ikasbatuaz-eko, IAko, LABeko eta EHBEko kideak. Aipatu zutenez, jaiegun inposatu horietan espainiar eta frantziar nortasuna bultzatu eta euskal nortasuna baztertzen da. Hauxe salatu zuten: «Bi estatuen handitasunari gorazarre egin eta gure herri txikia ez da errespetatzen; beren kolonietan egindako sarraskiak (Hego Amerikan, Afrikan, Asian edo Europan) ospatu eta zibilizazioa zabaldu zutela ospatzen dute; estatuen hizkuntza bakarraren gehiagotasunezko egoera bultzatu eta euskara mespretxatzen dute; euskaldunon eskubideen gainetik, hezkuntza sistema propioaren gainetik, beren konstituzioak jartzen dituzte». «Ospa ditzatela haiek egun hauek; euskaldunok baditugu gureak; festa gustuko dugu, baina ez inposaketaren eredu direnean», erantsi zuten, eta hemen euskal egutegia izateko «nahia, eskubidea eta beharra» dagoela agertu zuten.
Abiatutako bideari eusten Jaiegun eta hezkuntza sistema arrotzei «burua makurtu» gabe, herri honetan orain euskal egutegiaren aldeko hautua egiteko «itxaropen eta konpromiso garaiak» direla adierazi zuten, Hegoaldeko ikastetxeetara administrazioetatik jai egutegi ofiziala heltzen ari baita memento honetan.
Lea-Artibaiko eredua aurten beste eskualde batzuetara eraman nahi dute, eta betiere hezkuntza sistema propioaren bidean euskal egutegiaren aldeko hautua egitera dei egingo dute.
|