BILBO
Fusto-Rekalde eta Lujan-Gaubeka izango dira gaur Deportivo Klubeko frontoian jokatuko dituzten Euskadiko Zortzi eta Erdiko Txapelketako bi finalaurrekoak. Jaialdia arratsaldeko bostetan hasiko da eta txapelketakoak bigarren eta hirugarren partidak izango dira.
Bi lehiak erakargarriak dira oso paper gainean, izan ere, bigarrenean iazko bi finalistak izango dira nor baino nor. Orduan Lujanek Armintzakoa menderatzea lortu zuen eta euskaldunak ordaina hartu nahiko du, noski. Ezin da ahaztu, gainera, 2003. eta 2004. urteetako lehiaketetan bizkaitarra izan zela nagusi, lehenengoan Juan Pablori irabazita, eta bigarrenean Vladimir kubatarra bera menderatuta.
Gauzak horrela, neurketa oso berezia izango da bi palarientzat eta bertan Lujanen sasoia ikusi beharko da, joan den ostegunean ezin izan baitzuen Fustoren kontrako partida bukatu, eskuineko izterrean ziztada bat sentitu eta gero. Bestalde, Gaubekak irudi ezin hobea eman du txapelketa osoan eta gaur aurkari gogor bat izango du aurrean faboritorik gabeko neurketa horretan.
Beste finalerdian ere aurreikuspena erabat irekita dago. Fustok bere multzoko lehen postua lortu zuen eta ligaxkako bi neurketetan joko-maila oso ona erakutsi du. Rekaldek, berriz, Galan bezalako pilotari bat menderatu zuen bere azken partidan eta, horretaz gain, sake bikaina eta ikaragarrizko ezker kolpea ditu. Nafarrak sakearekin egin dezakeen zuloa izan liteke argentinarrarentzat arriskurik handiena.
Bizkaia Errioxaren aurka
Jaialdiko lehenengo partidan bizkaitarren eta errioxarren arteko lehia polit bat izango da ikusgai. Urkijo eta Larrinaga Marin eta Garridoren aurka neurtuko dira lehen lehia horretan. Atariko interesgarria txapelketako partidentzat.