Hogeita bi musika talderen diskoa gaur «Xirika»rekin
Gaur banatuko dute kioskoetan «Xirika»rekin batean, eta astebete egongo da salgai hiru euroan «Musika askea mundurat» izeneko diskoa. Bertan, hogeita bi musika talde gaztek kantu bana grabatu dute. Dubet, Golpe de Estado, SKT Sekuentzia, Khous, Ezein, Sarkor, Kasu!, Erantzun edo Akatu taldeak ageri dira.
DONOSTIA Mundurat Sarea eta Musikherria herri diskoetxea
daude egitasmoaren atzean. Bertako taldeak ezagutarazteko jarri zuten martxan
ideia joan den udan, baina diru eskasia dela-eta egitasmoa baztertu egin behar
izan zuten apur batean. Iazko udazkenean eta aurtengo martxoan kontzertu batzuk
antolatu zituzten Anoetan, Ibarran eta La Kelo eta Itzbaltzetako gaztetxeetan
zerbitzari berri bat erosteko asmoz, eta espero baino diru gehiago bildu zutenez
gero, irabazien zati bat bilduma hau egiteko erabiltzea erabaki zuten. «Orain,
pare bat hilabeteren buruan kaleratuko dugu ‘Musika askea mundurat’ diskoa
Musikherria diskoetxearen laguntzari esker», esan zigun Mundurat Sareak.
Mundurat Sareko kide diren 22 talderen lan bana bildu du diskoak, bai eta
zenbait lagunek elkarlanean sortutako bertso-hop estiloko aurkezpena eta
software librearen aldeko ereserkia ere.
Zergatik«musika askea»? Mundurat Sarearen oinarrietako bat lizentzia librearen alde egitea da. Lizentzia horien bidez, testu, musika, artelan eta beste erabiltzea erraztu nahi dute, eta egungo jabego pribatuaren kontzeptua kolokan jarri. «Bilduma honekin, bestalde, Mundurat Sarearen webgune nagusiko atal berria aurkeztu nahi dute; ‘Musika askea’, deritzana hain zuzen. Atal horretan hilero-hilero Mundurat Sareko musika talderen bati buruzko erreportajea edo elkarrizketa argitaratuko dute, eta webgunea beren musikaren bozgorailu bihurtu. Lehen diskoa, “Musika askea mundurat”, gaur banatuko dute egunkari honen “Xirika” gehigarriarekin batean, eta astebetean eros dezake irakurleak hiru euroan. Hiru euroan Bidenabar, diskoa hiru euroan salgai jarrita, merkatuan dauden diskoen prezioak salatu nahi dituzte. «Kalitate berarekin eta oso modu onean diskoak kalera daitezkeela frogatu nahi dugu horrekin», esan zigun Mundurat Sareak. Maiatza bukatu baino lehen Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean behintzat salgai jartzeko asmoa dute zenbait taberna eta dendatan. Eta ekaina bukatzerako Gernika, Zarautz, Durango, Tolosa, Laudio eta beste zenbait herritara ere iritsi nahi dute; gainera, webgunearen bidez ere salduko da. Hogeita bi talde StockholmS eta SKT Sekuentziak elkarlanean egindako bertso-hop pieza batekin zabaltzen da diskoa. Berriki desagertu den Sakanako Dubet, Berriozarko Khous, Ezein gipuzkoarra, R13ren errautsetatik jaio zen Maz Mon Kis, Iruñerriko Kasu!, Eskoriatzako Lukas Prest!, Zarauzko SKT Sekuntzia, Oñatiko Golpe de Estado, Gernikako Sarkor, Zarauzko Pariak Bai, Erantzun, Markinako Oliba Gorriak, Errenteriako Korumba, Gaizka, Usurbilgo Mendeku Itxua, Zarauzko Stockholm S, herri bereko Zülo, Gasteizko Mussin Nagant, Trintxerpeko Harrika, Nun, Ozen eta Akatu taldeek utzi dute kanta bana diskoan. Diskoaren bukaeran, Richard Stallman-ek sotware librearen alde egin zuen kantaren euskal bertsio askea grabatu dute SKT taldekoek. Beren lokalean egin zuten sekulako festa giroan.
|