G. MUJIKA - M. MORALES
Ilegalizazioa: lehen kolpearen arrastoak
·Erakunde «apartheid»aren 3. urteurrena
Hiru urte dira gaur erakundeetako «apartheid» politikoa Euskal Herrikoudaletara heldu zela. Herritar askoren eskubide zibil eta politikoakzapalduta egon dira, eta aukera politiko bat isilarazten saiatu dira.Ilegalizatutako plataformen lanak, baina, egoerari aurre egin dio eta,batzuetan, baita buelta eman ere. GARAk 17 herritara jo du egoerazein den galdetzeko. Ondorioa: udaletan «apartheid»ak bizirik dirau.
Foru eta udal hauteskundeak izan zirela hiru urte bete dira gaur. Hiru urte ere bai Alderdien Legea lehen aldiz aplikatu zutela. Hiru urte, beraz, ezker abertzalearen hauteskunde adierazpena erakundeetatik kanpo utzi zutela. Erabaki horrekin, Euskal Herriko herritar askori eskubide zibil eta politikoak ukatzeaz gain, aukera politiko bat isilarazten saiatu ziren orduan.Hiru urte hauetan, baina, erakundeetako apartheid politikoa gainditzeko eta salatzeko ekimen ugari izan da herri guztietan. Ezker abertzaleak, herrian errotuta, oztopoen gainetik lanean jarraitu baitu. Lan hori zein izan den islatu nahi izan du GARAk, eta, urtemuga aprobetxatuz, 17 plataformetako hautetsiekin hitz egin du. Bakoitzak galdera berei erantzun die: apartheid-a gainditzeko proposamenak izan al dira zuen herrian? Zer-nolako eragina izan du Udalean ez egoteak? Lizartza, Urkabustaiz, Ondarroa, Barañain, Azkoitia, Bolibar, Laudio, Elorrio, Lizarra, Hernani, Irurtzun, Leitza eta Oiartzun izan dira aukeratu herriak; Iruñea, Gasteiz, Bilbo eta Donostia hiriburuekin batera. Guztietan, ekimen ugari izan da erakunde apartheid-a gainditzeko. Batzuetan, Ondarroako Herriarentzat plataformak esaterako, udal «paraleloa» osatzeko proposamena helarazi zien gainerako udal taldeei, hauteskundeak egin baino lehen. Guztietan, alferrik. Udalak osatzearekin batera, milaka eta milaka boz paperontzira bota zituzten. Leitzan, Lizartzan eta Hernanin, besteren artean, indar bozkatuena utzi zuten Udaletik kanpo. Orduan, apartheid egoera gainditzeko lege espainolak jasotzen duen zirrikitu bakarra erabiltzeko proposatu zuten plataformek: LOREGeko 182.2 artikulua.
182.2 artikulua Azkoitia izan zen aipatutako legea aplikatu zuen lehen herria, 2005eko ekainean, Batera-k eserlekua Kimue herri plataformari itzuli zionean. Zegozkion beste biek, aldiz, EAJ-EA koalizioaren esku jarraitzen dute oraindik ere. Arabako Urkabustaizen EAJko bi zinegotzik dimisioa aurkeztu zuten 2006ko martxoan, Urkaber plataformako hautetsiekin bilkura ugari egin ostean. Kasu horretan, EAJko Araba Buru Batzarrak 182.2 artikulua ez aplikatzeko agindua eman zuen eta bi eserlekuak hutsik daude. Hala ere, herri plataformako bi zinegotziek udal bilkuretan parte hartzen dute era aktiboan.
Beste adibide bat Elorrion dugu. Bertoko Herri Bilguneak «interpelazio indibidualak» egin zizkien herritarren bozen arabera zegozkion sei eserlekuak hartuta zeuzkaten zinegotziei. Horren ondorioz, hainbat dimisio izan ziren, baina hurrengo pausoa ere ez zuten eman. «Borondate politikoaren falta»rekin lotzen dute hori hautetsiek.
Alderdi interesak Ezker abertzalea udaletatik kanpo uzteak ondorio larriak izan dituela agertu dute plataforma abertzaleek. Praktikan, «oposizio politikoa desagertarazi» duela ziurtatu dute eta informaziorik ez izatea «tamalgarritzat» jo dute. Bilbon, udal taldeek bakarrik aurkez ditzakete «mozio politikoak», eta Donostian, Baga Bogako hautetsiei ez diete uzten egoten informazio batzordeetan. «Herriaren borondatearen gainetik euren alderdi interesak jarri dituzte eta, horrek herritarrak Udaletik aldentzea ekarri du», ziurtatu dute plataformek. Hala eta guztiz ere, nahiz eta oztopo ugari ezarri, baikor agertu dira. «Gure presentzia zabaldu dugu herrietan eta gure proiektua indartu egin da», adierazi dute. Etorkizunari begira, lanean jarraitzeko prest, garai berriak direla ahaztu barik. -
|