Orain 500 urte (1506) Beskoitzen euskaldun handi bat sortu zen: Joannes Leizarraga. Luis Villasantek «monstruo» deitzen du. Euskara maite duten guztiek bihotz zolan daramate haren izena. Apaiz katolikoa izanagatik, Albreteko Joanna IIIren eraginez protestante bihurtu zen. 1567an Labastidara joan zen erretore eta hantxe bizi izan zen hil arte (1601).
Giltzapean egon zela esaten digu berak hitz larriez: «orhoitzeak ere buruko biloa latz eraziten drautan kaptivitatezko suiekzione...».
Leizarragak apaizen artean fama ona izan behar zuen, Pabeko Sinodoaren (1563) ondoren erreginak Itun Berria euskaratzeko agindu zionean. Axularren kasua oroitarazten digu. Axularrek berak esaten digu bere lagunek bultzatu zutela “Gero” liburua idaztera: «lehebizian kheinuz eta aieruz, eta gero azkenean, klarki eta agerriz, nik behar nituela egiteko hartan eskuak sarthu». Jantziena zela uste zutelako. Eta Leizarragak ere hitz berdintsuak ditu: «kargu hunen hartzera inzitatu ukan nautenek».
Lana burutzeko, lau laguntzaile edo zuzentzaile izan zituen, hiru zuberotar eta lapurtar bat.
Leizarragaren “Iesus Christ Gure Iaunaren Testamentu Berria” (1571, La Rochelle) eta harekin batera idatzi zituen beste zatiak irakurri ditugun guztiok haren euskara bikaina ederresten dugu. Nik neuk Hordagok atera zituen hiru liburukiak lerroz lerro eta emeki-emeki irakurri ditut, esaldi bikainak azpimarratuz eta neure ordenagailuan sartuz.
Leizarragak zinak eta minak egari behar izan zituen itzulpena egiteko: «...ni arindu nendukeitenik pena hunetarik (zein izan baita nehork lehenbizitik estima ahal litzakeen baino handiago)...».
Aberatsa da zinez Leizarragaren euskara. Jakina, garai hartan Iparraldeko bazter guztietan euskaraz mintzatzen zen. Leizarragaren liburua euskal giro horren lekukoa da.
Behin eta berriz esan ohi da, bere euskara lotuegia dagoela latin testuari. Egia da. Baina Leizarragaren jokaera ulertzeko bi puntu gogoan eduki behar dira.
Lehenbizi, Iparraldean euskara herritarren bidetik joan dela. Hau da, orduan eta geroago ere, Iparraldeko idazleak bitxikerietatik eta garbizalekerietatik urrun ibili direla.
Liburua zabaldu eta noble, obedientak, translazione, akusa, humanitate, manera, printzipalki... hitzak aurkitzen ditugu.
Ez diote inongo kalterik egiten liburuari, hizkuntzaren hezurdura egitura baita, eta horretan ez diogu zulo handirik aurkituko haren euskarari.
Leizarragak latinetik itzultzean herriko hitzik aurkitzen ez badu, latina sartzen du, inongo beldurrik gabe. Ezin liteke ahaztu hark bere itzulpena herriak ulertzeko moduko egin nahi zuela. Ez zuen akademikoentzako lana osatu gura.
Bigarren arrazoia, eta geure kasuan, arrazoi nagusia, protestanteek eta garai hartan giristino guztiek Jainkoaren hitzari zioten begirunetik heldu da.
Leizarragak berak esaten digu bere hitzaurreetan frantsesez eta gero euskaraz: «Ezen bethi orhoitik nola Iainkoaren manu expresa den haren hitzari deus edeki eztakion ez eratxeki: hala egin ahal dudan fidelkiena egin ukan dudala».
Leizarragak eragozpen handiak garaitu behar izan zituen itzulpena egiteko.
Alde batetik ez zuen tradiziorik edo gidaririk nondik jo behar zuen jakiteko. Garbi aitortzen du euskara labur eta motza zela garai hartan: «nakuzanean hanbatez ene entrepresa handiago, zenbatez nik eskribatu dudan lengoaje mota baita, esterilenetarik eta dibersenetarik: eta oraino, traslazionetan behintzat, usatu gabea».
Euskalkien arazoari ere erantzun eman behar izan zion. «Batbederak daki Heuskal Herrian kuasi etxe batetik bertzera ere mintzatzeko manera zer diferentia eta dibersitatea den».
Lapurdiko euskara hautatu zuen baina Nafarroa Beherekakoa eta bai noiz eta berriz Zuberoako hitzak eta moldeak baztertu gabe.
Dena dela, Leizarragaren euskara bikaina bada ere, kontu nagusia euskaraz idatzi zuela da. Jainkoaren hitza euskaldunei euskaraz eman behar zitzaiela.
Beste alorretan Leizarragaren eredua jarraitu izan balute, gaurko egunean beste zakur batek zaunka egingo lioke euskarari.
Axularren hitz entzutetsu haiek berriz ere ekartzea merezi du: «Baldin egin balitz euskaraz hainbat liburu, nola egin baita latinez, frantsesez, edo bertze erdaraz eta hizkuntzaz, hek bezain aberats eta konplitu izanen zen euskara ere, eta baldin hala ezpada, euskaldunek berek dute falta eta ez euskarak».
Leizarragak ez zuen jarraitzaile askorik izan. Zuzen dabil Luis Villasante bere “Historia de la literatura vasca”-n: «Leizarraga aparece en el escenario de la litratura vasca como un gigante solitario, especie de monstruo, sin antecedentes ni consiguientes».
Eta egia esan, nik Leizarragari giristino ez ezik, euskaltzale punta bat ere sumatzen diot hitzok esaten dituenean: «Alabaina segur izanez ezen Heuskaldunak bertze nazione guzien artean ez garela hain basa, non gure lengoagez ezin ezagut eta lauda dezagun gure Jainko Jauna».
Eta Euskal Herria orain asmatutako hitza diotenak, euskarazko sarrera irakurtzera inbitatzen ditugu. Hor behin eta berriz erabiltzen ditu bi hitzok Leizarragak.
Guztiok ikasi behar dugu Leizarragarengandik eta batez ere abertzale izena eraman eta euskaraz ongi jakin arren, beti espainolez eta frantsesez idazten dutenek, Espainiaren eta Frantziaren ohoretan. -