Centaure du izena berrikitan Baionako erietxeko larrialdietako zerbitzuak eskuratu duen informatika sistema berriak. Helburua Akitaniako eta Estatu frantses osoko larrialdi zerbitzuen arteko harremanak sendotu eta informazioa ahalik eta azkarrena helaraztea da. Larrialdietako zerbitzuek gero eta dei gehiago eskuratzen dituzte, eta aurrerantzean Centaure-k elkarlana erraztuko du. Tarak Mokni Baionako larrialdi zerbitzuetako arduradunak azaldu zuen: «Dei asko izaten ditugu, eta kaltetuen eskaerak gero eta zorrotzagoak dira. Sistema horren bidez, zaurituak zerbitzura heldu ahala bere historiari buruzko informazio guztia eskuratzen ahal dugu. Gainera, edonon istripu edo beste edozein kalte izanez gero, bertatik gertu sendagile bat dagoenetz jakin dezakegu».Horiek hala, zerbitzu guztien artean lan eginez, aditu edo helikoptero baten beharra dutelarik, Centaure sistemak informazioa helarazten die. Estatu frantseseko hogeita hamar larrialdietako zerbitzu, baita Suitzakoak, Papeetekoak, Marokokoak eta Fort de Francekoak ere, sarean lanean hasteko prest daudela nabarmendu zuen Tarak Moknik.
Baina Papeete munduaren beste aldean dagoen herriarekin elkarlan sakona egiteko aukera duten arren, auzokide Iruñeko eta Gipuzkoako zerbitzuekin harremana oraindik ere mugatua dutela aipatu zuen Baionako arduradunak.
«Hendaiako bizilagun batek Irunen istripu bat dauka, eta familiatik hurbil izateko Hendaiako erietxera joan nahi du. Marokon balitz bezala, hurbiltzeko laguntza bete behar du Hendaiara joan ahal izateko, hemengo gizarte segurantzak ez baitu zaurituaren garraoia bere gain hartu nahi», argitu zuen Moknik. Elkarrekin lan egiteko premia eguneroko lanean sumatzen dute Baionako, Donostiako eta Iruñeko zerbitzuek, baina «administrazioak nahi ez duelako» urteak daramatzate arazoari aterabide bat aurkitu nahian.
Tarak Moknik adibide ugari aipatu zuen. Hondamendi edo istripu bat handi bat izanez gero, eta Baionan lanez lepo badira, Bordeleko eta Paueko zerbitzuen beha egon behar dute. «Gure inguruan arriskuak daude. Edonoiz horrelako gertakariak izan daitezke. Donostiako zerbitzuak hurbil ditugu, eta, gainera, antzeko formazioa daukagu. Guztiz ulergaitza da Bordeleko eta Paueko zerbitzuen beha egotea urruti baitira», nabarmendu zuen Baionako arduradunak.
Egoeraren alde barregarria nabarmentzeko jogurt poto batekin parekatu zuen: «Jogurt poto batek egunero igarotzen du muga; gure anbulantziek baimen berezia behar dute horretarako».
Halere, Baionako, Iruñeko eta Donostiko larrialdi zerbitzuen nahia ez da hitzetan geratzen; izan ere, ikusiz admnistrazioan egoera guztiz blokatuta dagoela, elkarlana beren gain hartzea erabaki dute. Tarak Moknik berak gai horri buruzko tesi bat egin berri du, eta, Akitania-Euskadi funtsaren bidez proiektu bat abiatu dute.
Bertan, bost helburu finkatu dituzte: hondamendi handia gertatuko balitz, elkarlanean aritzeko baliabideak finkatu; deiak eskuratzeko zerbitzu batean edo bestean bideratu ahal izateko informazioa elkartzeko baliabideak jarri; anbulantziek muga igaro ahal izateko beharrak finkatu; larrialdietako anbulantzia batek lehen artatzeak mugaren beste aldean egin ahal izateko neurriak aztertu; eta anbulantziak hiru eskualdeetan ibili ahal izateko beharrezkoak diren soinu deiak aztertu.
«Bost helburu horiek finkatzeko orduan gure xedea arazoa nondik datorren ikustea da. Gu oso interesatuta gaude, baina argi dago nonbait mugak ezarri dizkigutela. Horiek aztertu bezain laster, errazago izanen zaigu haiek gainditzea», aipatu zuen Baionako zerbitzuko arduradunak.
Baina hiru zerbitzuetako arduradunek ongi dakite non dauden arazoak. «Mesfidantza handia dago bi aldeetako administrazioetan. Europaz egunero ari zaizkigunak jartzen dizkigute gehienbat arazoak. Egoera guztiz logikarik gabekoa da», gaineratu zuen Tarak Moknik.
Helburuak finkatzeaz gain, hiru eskualdeetan lan-taldeak osatu dituzte. Sendagile eta erizainekin batera, larrialdietako zerbitzuetan egonaldiak egiten dituztenak eta anbulantzietan dabiltzanak biltzen dituzte. Eta ondoko urriaren 19an Bidarteko Izarbel ingeniaritza eskolan elkartuko dira guztiak elkar hobekiago ezagutzeko eta zertan diren aztertzeko.
Urtero mota horretako bilerak egiteko asmoa daukate, izan ere. Tarak Mokniren esanetan, urtebeteko epea finkatu dute aurrerapausoak emateko. «Ez dago kulturaren eta hizkuntzaren mugarik, sendagile gisa guztiek hizkuntza bera baliatzen baitugu. Gure artean konfiantza osoa dago. Bilera horietan gizarte segurantzako arduradunak gonbidatzea erabaki dugu. Ikusiko dugu ea etortzen diren. Badakigu denborarekin lortuko dugula», burutu zuen esaten. -
BAIONA