Lurzoruaren Legean egindako azken urratsak gaitzetsi ditu Batasunak
·EAJk planteatutako aldaketekin etxebizitzaren arazoa ez dela konpontzen adierazi zuen
BILBO
Lurzoruaren Legearen inguruko txostenean hiruko gobernuak egin dituen azkeneko urratsak salatu ditu Batasuna taldeak. Alderdi abertzaleak kritikatu zuen «EAJ legearen inguruko eztabaidaren oinarriak aldatzeko egiten ari den joko zikina». Batasunaren ustez, hirukoak eta PSEk sinatutako akordioa onartzeko asmoarekin, Eusko Alkartasunaren eta Ezker Batuaren babesarekin, Legearen muina onartzeko «azpijokoak» besterik ez dira EAJk proposatutako aldaketak. Horrez gainera, gogorarazi zuen hirukoak eta PSEk sinatutako hasierako akordioak ez duela etxebizitzaren arazoa konpontzen, eta, gainera, horren bitartez, ez dela espekulazioa amaituko. Lurzoruaren Legeak «hirigintza planifikaziorako liberalizazioaren alde» egiten duela eta hutsik dauden etxebizitzen arazoa konpontzen ez duela salatu zuen. Era berean, legearen planteamenduak alokairu sozialaren alde egiten ez duela eta gizartearen parte-hartzeari ateak ixten dizkiola gaitzetsi zuen Batasunak. Horrengatik guztiarengatik, Batasunak adierazi zuenez, «hirukoak egindako nahasmen saio berri hau» kritikatu nahi du. Hori dela-eta, alderdi abertzaleak EAJren estrategia berri horren aurka mobilizatzeko deia egin zuen.
|