DONOSTIA
Arrosan gaur jarriko da abian lehen aldiz jokatuko den Lamin Kantxa Torneoa. Lehiaketa honetan amateurrak eta profesionalak arituko dira. Biko bakoitza berezko batek eta afizionatu batek osatuko dute.
EPB enpresak iragarri du datorren neguan lau edo bost pilotari pasa nahi dituztela profesionaletara, eta lehiaketa horretan aukera izango dute duten maila agerian jartzeko.
Hasteko, Ducassou, Bonebeltxe, Bielle eta Jenannots izango dira profesionalekin batera lehiatzeko maila dutela erakusteko aukera izango dutenak.
Bi finalerdiak gaur bertan jokatuko dira. 17.00etan, Etxeberri-Ducassou Bonebeltxe-Errekarten aurka neurtuko dira. Horiek beren lanak amaitzen dituztenean, Bielle-Kurutxari eta Aranburu-Jeannots neurtuko dira. Bi partida horietako irabazleek larunbatean, 18.00etatik aurrera, jokatuko dute final handia.
Zaleek Bielle gaztea ikusteko gogo handia dute. Landetan ez dira goi mailako pilotari asko atera, eta zaleek harengan itxaropen handia dute. Aurten sekulako denboraldia egin du, goi mailan aritu da, baina ez da gauza bera amateurrekin neurtu edo berezkoekin aritu. Arrosan aukera paregabea izango du onenekin jokatzeko prest dagoela erakusteko.
Bestetik, EPB enpresak atzo baieztatu zuenez, aurten Zuberoan hiru lehiaketa antolatuko omen dituzte. Azkeneko bi urteetan, Larraiñen jokatu da torneoa, baina aurten Eskiulan eta Gerendainen ere izango omen da. Eskiulan, lehen txapelketako partidak izaten ziren, baina ez azkeneko urte hauetan, eta Gerendainen, berriz, torneo honekin trinketa estreinatuko dute.