- Berezkoak (Angeluko Torneoko finala)
Larretxea-Ezkurrak azkeneko tantoetan erabaki zuten
·Galdu arren, Ibarrolak eta Maitek oso neurketa ona egin zuten
LARRETXEA - EZKURRA II
40 IBARROLA - MAITE 33
ANGELU
Larretxeak eta Ezkurra II.ak eraman zuten atzo Angeluko Torneoko txapela. Ezkurra gaztea izan zen atzoko protagonista nagusia, eta garbi utzi zuen, berriro ere, une honetan pilotaririk onena dela. 24 urte besterik ez du, eta makina bat txapel janzteko dagoela erakusten ari da. Urtea hasi denetik, atzo laugarrena lortu zuen. Lau horietan, Bakarkakoa eta Binakakoa ere baditu.Atzoko partida oso ona izan zen, baina laburtzen ere oso erraza da. Gakoa Paxkal Ezkurra izan zen. Urruñarrari jokoan sartzea asko kosta zitzaion, eta hori aprobetxatzen jakin zuten Ibarrolak eta Maitek markagailuan aurrea hartzeko. Finalerdietan ezuste handia eman zuten, eta finaleko une askotan gauza bera gertatuko ote zen ere pentsatu zuten zaleek, baina ez zen horrela izan. Ezkurra jokoan sartzen hastearekin batera, norgehiagokaren norabidea erabat aldatu zuen. Trinketean jaun eta jabe egin zen, eta azkeneko hamar kintzeetan sekulako erakustaldia eman zuen; erabat nagusitu zen trinketean. Larretxeak ere askoz ere erosoago jokatu zuen, eta azkenean txapela jantzi zuten. Dena dela, Ibarrolak eta Maitek egindako finalak ez du inongo aitzakiarik. Lehen zati oso ona egin zuten; ongi ikusi zuten zuloa non zegoen, eta hori aprobetxatu zuten. Gero, Ezkurraren susperraldiarekin batera,Maiteren beherakada etorri zen, eta hor joan zitzaien txapela.
|