Euskalerria Irratia: «Doxaren alderdikeria»
IRUÑEA
FMko lizentzien esleipenen harira, Doxa aholkularitza bulegoak egindako txostena baliogabetu dezatela eskatu zuen herenegun Euskalerria Irratiak, «ageriko partzialtasuna» argudiatuta. Izan ere, emisora euskaldunak uste du 1998 urteko ekainean kontratazio mahaiak irratien egoera aztertu ostean proposatu zituen irizpideen aurka egin duela.
Euskalerria Irratiak jakinarazi zuenez, hain zuzen ere, akta hartan agertzen ziren gomendioak ez dituzte aintzat hartu. Irratiak azaldu zuen, adibidez, Net 21ek ez duela daturik eman bideragarritasun ekonomikoaren gainean. Bestetik, Opuseko Unibertsitateari buruz kontratazio mahaiak esan zuen giza taldea «zerbait desorekatuta» dagoela. Bi kasu horietan, irratiak salatu zuen gabezien aurrean Doxa «trikimailuez» baliatu dela.
Doxak atzo agerraldia zuen Nafarroako Parlamentuan, baina saioa itxia izan zen. Izan ere, Aralar alderdiak hitzordu bat izateko eskatu zuen.
EA alderdiak ere gaur egingo du agerraldia auzi horren gainean hitz egiteko. Alderdi horrek herenegun adierazi zuen «sentsazio nagusia» dela Nafarroako Gobernua euskarazko irrati bati lizentzia ez emateko edozein aitzakiaren bila ibili dela. Doxak, kontratazio mahaiarentzat txostena egin zuenak, aurretik ere Gobernuarentzat lan egin izan duela jakinarazi zuen.
|