BOLIBAR
Bolibartarrek Markinatik desanexioa lortu zuten 2004ko abenduan, eta aurreko
urteko udal hauteskundeetan Bolibarko mahaian egon emaitzen arabera, 7
ordezkaridun Udala osatu behar zen. Apartheid politikoaren ondorioz, baina,
Udaleko ordezkariak izendatzeko botere legala EAJren esku ze- goen, eta
«bolibartar guztien hitza errespetatzeko» 5+2 formula proposatu zion
Bolibartarrok plataformak.
Rakel Gandiaga hautetsiak zera adierazi du: «7 izenetik 2 plataformak aukeratutako pertsonak ipintzea besterik ez zegoen, baina EAJk, gezurrak aitzakiatzat erabiliz, ez zuen onartu». Orduan, sinadura bilketa bideratu zuen ezker abertzaleak EAJri sentsibilitate politiko guztiak Udalean egoteko exijitzeko. Erroldaren %60k sinatu zuten, 181 lagunek. (Hauteskundeetan, plataformak 83 bozka lortu zituen). Alferrik.
Hala ere, «egindako lanari esker» EAJk bost eserleku betetzea besterik ez duela lortu nabarmendu du Gandiagak. Beste biak hutsik daude. Bitartean, apartheid egoera salatzen jarraitu dute ekitaldi ofizial guztietan, baita kalean ere.
Egoera horren alde ona ere ikusten du hautetsi abertzaleak. «EAJren apustua zein den agerian geratu da:herria saltzekoa, herri osoa euren kontrolpean izatekoa», azaldu du.
Alde txarrak ere, jakina, badira. «Bazterketa eta apartheid-a muturreraino eraman du Udalak; ekitaldi publikoak ezkutuan antolatu, eta plenoak eta batzordeak euren enpresa pribatua balitz gisa gestionatu ditu», salatu du Gandiagak.
Udalaren funtzionamendu erdalduna nagusitu dela ere gaitzetsi du, eta Udala osatu zenetik urtebete egin baino lehen, dagoeneko hautaprobetako irregulartasunengatik salaketa jarri diotela nabarmendu du. -